Artzain eskolak, ardi eta ahuntzen sektorea gaztetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du belaunaldien arteko erreleboa bermatu dadin. Gaur diplomak jaso dituzten 7 pertsona 30 urtetik beherakoak dira, eta 4k oraindik ez dituzte 20 urte bete. "Zortzi gizonezko eta bi emakumezko izan ditugu. Bat Lapurdikoa, bat arabarra eta gainontzekoak gipuzkoarrak. Horietatik zazpik artaldea dute dagoeneko etxean, oso errelebo zuzenak beraz, eta oso talde potentea alde horretatik", azaldu du Ane Gartziandiak, Artzain Eskolako formakuntza arduradunak.
Politikarien errekonozimendua
Ekitaldian parte hartu dute 10 ikasleek, artzain eskolako irakasleek eta arduradunek, bai eta ordezkari politikoek ere. Oñatiko udaleko zinegotzi Xabier Igartuak, esaterako, eskerrak eman nahi izan dizkie sektorearen jarraikortasuna ziurtatzeko hartu duten konpromisoagatik. "Hamar artzain berriei eskerrak eta baita Gomiztegiko Artzain Eskolari, urteetako ofizioa era jakintza, teknologia berriekin uztartuta artzain berrien esku ipintzen duelako", azaldu du.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuorde Bittor Orozek Arantzazuko eskolak artzaintza bizia mantentzeko eta Latxa ardia-arraza kontserbatzeko egiten duen lana jarri du balioan eta, bereziki, etorkizuneko lehen sektoreko kide izango diren horien formakuntzan Gomiztegik duen garrantzia azpimarratu du. "Hemen atera diren hamar gazteek 9 hilabeteko prestakuntza oso intentsiboa jaso dute eta pentsatzen dugu hori dela gakoa. Etorkizuneko lehen sektoreko kideek beharko duten esperientzia eta ezagutza hain zabala izanik, horrelako eskolek balioko digute etorkizuneko sektore hori egiten".
"Oso egoera zailean"
Ikasleek gaurko ekitaldia baliatu dute sektorearen egoeraren berri emateko eta dituzten zailtasun eta oztopoez mintzatu dira. Gaur diplomatu den Agurtzane Gabiriak azaldu du, egoera oso larrian daudela. "Kostuak igotzen ari zaizkigu, esnearekin arazo oso larriak ditugu, baina egia da elaboratzen dugun produktua ondo saltzen dela. Gure errealitatea da eta ez da ona, ez dugu penarik eman nahi, hemendik bizi nahi dugu eta saiatzen ari gara. Eskatzen duguna da oztopo gehiago ez ipintzea".
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuorde Bittor Orozek onartu du egoera ez dela erraza eta azaldu du, sektorearen jarraikortasuna bermatzeko ahalegin guztiak egingo dituztela.
Gomiztegiko artzain eskolan, 317 pertsona baino gehiago trebatu dira 26 urteotan, eta arrakastak bultzatuta, Behizain Eskola ere sortu da Urkulun. Azken hori ere, HAZIren bidez jarri du abian Eusko Jaurlaritzak.