Dokumentuen ondarea berreskuratzeko artea

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko eka. 10a, 11:30

Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean dokumentuak zaharberritzeko laborategia dute. Dokumentuak desmuntatu, zaharberritu eta jatorrian zeuden egoerara itzultzen dituzte, ikertzaileek erabili ahal izateko

Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean artxiboak zaharberritzeko laborategi bat jarri zuten duela urte eta erdi. Orain arte, Gipuzkoan Tolosako artxiboan zegoen liburuak zaharberritzeko laborategi bakarra, eta bigarrena da Oñatin martxan jarri zutena. Zaharkituta dauden liburuak berriz ere erabilgarri egitea da helburu nagusia, ikertzaileek bertan egon daitekeen historiako informazio baliagarria eskura izan dezaten. Ramon Martin artxibozainaren hitzetan, Gipuzkoan "dokumentu ondare handia" dago eta horrelako "laborategi gehiago" behar dira zaharberritzeko dagoen material guztia berreskuratu ahal izateko: "Laborategi hauek urtean egin dezaketen lan kopurua txikia da, eta, nahiz eta kontserbazio arazoak dituzten dokumentuak proportzioan dokumentu gutxi izan, ehuneko bat baldin bada ere berreskuratu behar dena, derrigorrez laborategi gehiago beharko genituzke ondare guztia berreskuratu ahal izateko".

Itxura berreskuratzen da

Zaharberritze prozesu horretan liburuen eta dokumentuen itxura bakarrik berreskuratzen da, galduta dagoen informazioa ezin daiteke-eta inolaz ere errekuperatu. "Dokumentu horiek bakarrak dira eta ez dago horien beste kopiarik; ezin dugu jakin propio ze informazio zegoen bertan. Guk antzina zuen egoera berera bueltatzen dugu euskarria bera, ondoren erabilgarri egon dadin", dio Martinek.

Adi jarraitu beharreko pausoak

Berreskuratze prozesuan kontuz ibili beharra izaten dute, akats txikienak ere informazio baliotsua galtzea ekar dezakeelako. Horretarako, liburu edo doku- mentu bakoitzak tentuz jarraitu beharreko pausoak ditu. Horretan aritzen da Pepa Cob laborategiko langilea. Hura da dokumentuak zaharberritzearen arduraduna, eta urte eta erdian 60 dokumentutik gora berreskuratu ditu, ondoren erabilgarriak izateko. "Egoera txarrean dagoen liburu baten lehen pau-
soa askatzea da, desmuntatzea.
Ondoren, Pepak dokumentuen mapa bat egiten du, behin lan guztiak amaitutakoan berriz hasierako itxura berarekin mun- tatu ahal izateko", dio artxibozainak.

Papera sortzen dute

Behin paperak askatuta, falta zaien hutsuneak betetzeko papera sortzen dute laborategiko gune hezean. Horretarako, oinarri batzuen beharra izaten dute, eta hori oraindik martxan dagoen errota batetik eroaten dute. Oinarri horiek lihozkoak eta eukaliptozkoak izaten dira, eta horiek manipulatu egiten dituzte ondoren beharrezko papera sortu ahal izateko. "Lihoak zuntz luzea du eta honek dokumentu zaharrera itsatsiko den papera batzen du; eukaliptoak, berriz, zuntz laburragoa du eta horrek trinkotasuna ematen dio sortuko dugun paper horri", dio Pepa Cobek.

Dokumentu bakoitzak, ordea, paper kolore propioa izaten du, eta hori ere ondo neurtu beharra dago, amaierako emaitzan berdintsua den kolorea eskuratu ahal izateko. Horretarako, papera sortzeko unean egin beharreko nahasketari koloreak batzen dizkiote, nahasketaren koloreak dokumentuarenarekin bat egiteko edo antzekotasuna lortzeko.

Azken pausoa, uretan

Nahasketa egindakoan, azken pausoa dokumentua uretara sartzea da, nahasketarekin batera. "Paperaren eta uraren arteko harremana jatorritik dator; orduan, Pepak papera eta ura nahasten ditu, pasta bat sortzen da, eta horrela ikusi dezake dokumentuaren zein zatik duen hutsunea betetzeko beharra", dio Ramon Martinek. Berehala sortzen da papera. Eta, azkenik, lehortzen uzten dute; bakoitzak lehortze denbora bat behar du.

Azken lana berriz ere liburua jatorrizko formatura itzultzea da. Horretarako, dokumentuaren ertzetan soberan dagoen zatia kentzen da, hasieran zuen itxura berreskuratzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak