Ohitura da Oñatin pintura tailerrean dabiltzan ikasleen artelanekin osatutako erakusketa egitea Kultur Etxean, eta aurten ere halaxe izaten ari da. Astelehenean ireki zuten erakusketa, eta ekainaren 11ra bitartean bisitatu ahalko da, arratsaldeetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Erakusketa ugari egin dira urtean zehar Kultur Etxeko
erakusketa gelan, baina, zalantzarik gabe, bisitari gehien izaten dituena hura izaten da.
Mayra Jimenez da pintura eta adierazpen artistiko tailerreko irakaslea; hamar urte daramatza lanean, eta erakusketa ikasturteko lana borobiltzeko modua dela dio: "Egia da lan bakarra eramaten dutela erakusketara, baina, era berean, lan horretan ikasitako guztiaren laburpena dago". Ikasleek abenduan ekin zioten euren lanak margotzeari,
eta orain, herritarrentzat zein euren lagun guztientzat ikusgai jarri dituzte.
Prozesua, garrantzitsua
Tailerrean parte hartzen duten ikasleak 6 eta 17 urte bitartekoak dira. Batzuk hutsetik hasten dira eta beste batzuek, berriz, etxetik daroate margotzeko ohitura, baina ikasturte hasiera berezia izaten da. "Hasieran, berriak direnei kosta egiten zaie, baina, behin konfiantza hartutakoan, dakitena nirekin konpartitzen dute eta nik ikasten
laguntzen diet", dio Jimenezek; eta ohiturak apurtzea ere gakoa dela esan du: "Zaila izaten da ohiturak apurtzea; esaterako, arkatza gehiegi sakatzea edo akuarelan ur gehiegi erabiltzea. Horiek ondo ikasteak denbora darama, baina, gutxinaka, aurreratzen joaten gara".
Hobekuntzak "nabarmenak" izaten direla ere aipatu du Jimenezek, baina beti egoten da lana azken ordurako uzten duenik ere, eta, ondoren, presiopean aritzen dira erakusketarako lana amaitu nahian. "Presiopean lan egiten dugunean beste modu batera egiten dugu, baina, azkenean, beti iristen gara behar dugun emaitza lortzera", dio pintura tailerreko irakasleak.
Ikasleek errepikatu egiten dute
Urtetik urtera jende eta ikasle berri asko animatzen da tailer horietan parte hartzera. Esanguratsua da Mayra Jimenez iritsi zenetik bi talde gehiago sortu direla; baina badira urteetan jarraitzen dutenak ere. Jimenezi poztasun handia ematen dio eboluzio hori ikusteak: "6 urterekin nirekin hasi zen ikasle bat zazpi urte geroago zer egiteko gai den ikusteak, ze segurtasun eta ze autonomia duen ikusteak... horrek asko betetzen nau".