Aloña Mendiko eskubaloia sailak une gozoak eta gogoangarriak bizi izan ditu bere historian zehar. Herrian bertan ere zaletasun handia izan da betidanik eskubaloiarekiko, eta horren adibide da kiroldegia lepo betetzen dela astebururo. Eskubaloi sailak ere oinarri sendoak izan ditu urte luzeetan zehar, baina orain, zoritxarrez, egoera bestelakoa da.
Ohar baten bitartez jakina razi dute aipaturiko oinarri horiek zalantzan daudela, klubaren zuzendaritza karguetarako zein entrenatzaile eta laguntzaile lanetarako jendea aurkitzeko "zailtasun handiak" izaten ari direlako azken urteetan. Orain arte dena boluntario lana izan da, baina horrek "iraungitze-data" bat duela azpimarratu dute. Era berean, egoera latzari buelta eman ezean, Oñatiko eskubaloiaren etorkizuna "kolokan" dagoela diote; datorren denboraldiari begira, behintzat.
Gainezka egin dute
Gaur egun, oso jende gutxik osatzen dute Aloña Mendiko eskubaloi sailaren zuzendaritza edo batzordea. Haien eginbeharra da denboraldian zehar, besteak beste, fitxen kudeaketa, entrenamendu orduak antolatu, asteburuko jardunaldia antolatu eta abar. Urte zailak izaten ari dira eta gainezka egin dutela aitortu du Ane Kortabarria batzordekideak: "Jende gutxi ari gara hori guztia antolatzen. Egiten ditugun lanak txikiak dira, baina, azkenean, gainditu egin gaitu egoerak". Eukene Urzelai zuzendaritzako kidea penaz da egoera ikusita: "Pena izango litzateke hainbeste urteren ostean honek jarraipenik ez izatea".
Egoera horretara iristearen arrazoiak topatzeko orduan, bat egiten dute Kortabarriak eta Urzelaik. Biek ala biek uste dute jendeak "beldurra" diola zuzendaritzako lanari, uste dutelako lan "asko" egin beharra dagoela; baina errealitatea bestelakoa dela diote, eta egin beharrekoak ez direla "inork" egin ezin dituenak.
Era berean, kontziente dira gaur egungo boluntarioen egoera eta duela urte batzuetakoa nabarmen aldatu dela. "Jendea ez dago prest bere ordu libreak kirol bati eskaintzeko", dio Kortabarriak. Urzelaik, berriz, agian "borondate falta" dagoela uste du.
Ordainduta ere ez
Entrenatzaileak aurkitzeko arazoak ere nabarmenak dira. Gehienak boluntario moduan aritzen dira, baina ordainduta ere ez dituzte aurkitzen. "Falta ditugun entrenatzaileak aurkitzeko, ordainduta ere ezin izaten dugu aurkitu", adierazi du Ane Kortabarriak. Irtenbidea entrenatzaile guztiei ordaintzea litzateke, baina horrek kuoten igoera ekarriko luke. Egun, Aloña Mendik Gipuzkoako kuota baxuena du, eta Urzelaik ez du uste hori denik irtenbide onena: "Bertako enpresen laguntzekin mantentzen ditugu kuotak, baina, entrenatzaileei ordaintzen hasiz gero, igo egin beharko ditugu, eta ez dut uste jendeak hori nahiko lukeenik".
Atzo bilera irekia egin zuten
Egoeraren larritasuna ikusita, egungo zuzendaritza batzordeak, bilera irekia deitu zuten, atzo, eguena, klubaren bulegoetan. Ane Kortabarriak adierazi duenez, larrialdi dei honek erantzun "ona" izan du eta esperotakoa baino jende "gehiago" batu zen. Orain, zuzendaritzaren esku geldituko da lan banaketa egitea, datorren urtean Aloña Mendi Eskubaloi Saila kantxetan normaltasunez ikusi ahal izateko.