HEMEN DEBAGOIENA

Hartzaren Urratsa ibilbideak bailarari bira ematea ahalbidetuko du bost etapatan

Hasier Larrea 2023ko api. 24a, 19:11

Puntaik Punta jaialdiaren erdian aurkeztu dute Debagoiena Turismoak eta Gipuzkoako Mendizale Elkarteak osatu berri duten GR-289 ibilbidea. Hartzaren Urratsa deitu diote, eta Debagoienari bira osoa ematen dio. Zapatu goizean estreinatu dute Oñati eta Antzuola arteko etapa mendizale ugarik.

Asteburuan zehar Oñatin egin dute zazpigarren Puntaik Punta, eta  bailarako herrien arteko mugikortasuna sustatu gura duen ekimena aurkezteko ere baliatu dute. Oñatiko turismo bulegoan eman dute Hartzaren Urratsa ibilbide osatu berriari buruzko argibideak. Gipuzkoako Mendi Federazioa eta Debagoieneko Mankomunitateko turismo saila dira sustatzaileak. Urdin Elortzak, Gipuzkoako Mendi Federazioko teknikariak azaldu du helburua lehendik zeuden PR eta SRak saretu eta biltzeko ibilbide luze handi bat egitea zela. Hala, hilabeteetan proiektua lantzen ibili ondoren, jadanik burutu daitezke ibilbideko bost etapak.

Izan ere, Debagoienari itzulia ematen dioten 97 kilometro horietan jarri dituzte jadanik pintura txuri eta gorridun markak. Urte bukaerarako egokituko dituzte panel, gezi eta baliza guztiak. Oraingoz bosgarren etapari dagozkionak daude jarrita, Oñati eta Bergara arteko ibilbidekoak. Hain justu, eta Puntaik Puntaren egitarauaren barruan, zapatu goizean estreinatu dute ibilbidea, Oxel Arrieta mendi gidariaren eskutik. Oñatitik Arranoaitz igo, Deskargarantz jota Antzuolara jaitsi eta Bergaran amaitzen da etapa hori.

Partaideen artean izan da Iñigo Ramirez de Okariz, eta hark adierazi du ibilbide pedagogikoa iruditu zaiela: "Mugarriak, basoak, Vascongados trenbidea, Antzuolako hartzaren kontuak, basalto eta flysh guneak, Laboratorium-a... ikusi ditugu, horren gertu eta ezezagun denak".

Argazkia: Iñigo Ramirez de Okariz.

Etapa guztien nondik norakoak, labur esanda, honakoak dira: lehenengoa Bergaran hasi eta Arrasaten bukatzen da, Elgetatik igarota; bigarrena, berriz, Arrasatetik Leintz Gatzagara artekoa da, Aretxabaleta eta Eskoriatza zeharkatuta; hirugarrena Leintz Gatzagatik abiatu eta Araotzen amaitzen da; laugarrena Oñatiko lurretatik igarotzen da uneoro, erdibidean Arantzazu egonda; eta bosgarrena, esan bezala, Oñati eta Bergara artekoa da, Antzuolatik pasata.

Elortzak zehaztu duenez, aldapak igotzea da ibilbideek duten zailtasun bakarra: "20 kilometro inguruko etapak dira, oso politak, egitea merezi dutenak; agian luze samarrak suerta daitezke, baina bukatzerakoan autobusa hartzeko aukera dago helmuga guztietan".

Denboraren joana adierazteko metafora

Jarri dioten izenak jendearengan jakinmina piztu duela aitortu du, eta hauxe izan da erantzun duena: "Izen erakargarria topatu nahi genion, eta pentsatu genuen hartzaren ideiarekin jolastea; badakigu antzina Lezetxiki eta Harrikrutz kobetan bizi izan zirela, Antzuolako kaleetan hil omen zuten bailarako azkena 1867an, eta gure baserri eta leku izen askoren toponimian dago, Artzanburu tontorrean, adibidez. Beraz, aproposa iruditu zaigu Hartzaren Urratsa izena jartzea, modu horretan animalia hauek duela 10.000 urte ibilitako bideetan gaur egun ibiltzeko gonbidapena egiten dugulako, denboraren joanaren metafora bat, nolabait esatearren". 

Xendazaletasunaren balioak zabaltzea ere bada erronka, kirola egitetik harago, herrietako kultur ondarea ezagutarazi eta ekonomia jasangarria bultzatuz. Ildo beretik, Elortzak aipatu du batez ere debagoiendarrentzat pentsatuta dagoela: "Adibidez, Antzuolako bat oinez joan dadin Oñatira edo Gatzagara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak