ALBISTEAK

Debagoieneko alkategaiak aurkeztu ditu EAJk, Mendozaren eta Egibarren babesarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 22a, 11:23

Ekitaldi politikoa egin du EAJk Oñatin, eta bailarako alkategai gehienak han izan dira. Horiekin batera, han izan dira Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Eider Mendoza eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar.

Udal hauteskundeetarako hilabete eskasera, Debagoieneko alkategaiak aurkeztu ditu EAJk Oñatin, Eider Mendozaren eta Joseba Egibarren babesarekin. Han izan dira bailarako alkategai gehienak, hala nola, Maria Ubarretxena (Arrasate), Mikel Lete (Bergara), Amaia Erostarbe (Oñati), Joserra Zubizarreta (Eskoriatza), Mikel Uribetxeberria (Aretxabaleta), Josu Xabier Aranguren (Antzuola) eta Iker Laka (Elgeta). Halaber, berba hartu ez duten arren, han izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Aintzane Oiarbide diputatua, besteak beste.

Oñatiko alkategai Amaia Erostarbe izan da berba hartzen lehena, nabarmenduz "aurrera begiratzen duen herria" eraikitzeko lan egingo dutela: "Bizia, irisgarria, garraio publiko eraginkorra duena, berdintasunean eta errespetuan eraikitakoa, jasangarria, pertsonengan fokua jarriko duena, merkataritza eta ostalaritza babestuko dituena, kirolaz eta kulturaz gozatzeko espazioak eta aukerak bermatuko dituena eta euskalduna".

Mikel Lete bergararrak, bestalde, adierazi du jeltzaleak direla aurrerabidearen berme bakarra, "elkarlana eta konfiantza" ardatz hartuta: "Elkarlana herritarrekin, bailarako udalekin eta gainontzeko administrazioekin. Eta konfiantza, herritarrekin, noski, haiekin egonda eta haiek entzunda".

Debagoienak dituen "balio komunitarioak" azpimarratu ditu Maria Ubarretxena Arrasateko alkategaiak. "Balio kooperatiboak oso presente ditugu bailara honetan eta lana egiteko modu berezi hori gure nortasunaren parte da". Hori EAJren gobernantza ereduarekin lotu du: "Herritarrak entzutea, eragileekin elkarlanean aritzea eta inposaketaren eredua baztertuta".

Egibar, bere diskurtsoan.

Mendozaren eta Egibarren babesa

Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Eider Mendozak azaldu du Gipuzkoako ehun ekonomikoaren ikurretako bi daudela Debagoienean: industria eta eredu parte-hartzaileak. "Industria gure BPGaren %25 da gaur-gaurkoz, Europako herrialde aurreratuen pare, eta industriari konektatutako zerbitzuak gehituz gero %40 inguru ere izan daiteke", azaldu du. Kooperatiben kasuan, Euskadiko mota honetako enpresetako enpleguaren erdia baino gehiago Gipuzkoan dagoela gogoratu du, Debagoienean eredu honek duen garrantzia azpimarratuz. "Bi
ezaugarri hauek funtsezkoak dira ekonomia sendo eta lehiakorra eraikitzeko. Eta horretan abilak gara: ekonomia sozial industrialean, Gipuzkoa liderra da, mundu mailako eredua gara".

Egibarrek, azkenik, abertzaletasunean jarri du fokua: "Abertzaletasunak etorkizuna izango badu, balio komunitarioak landu behar ditu. Gizarte bereko seme-alabak garelako, non bakoitzak duenaren arabera eman behar duen, eta behar duenaren arabera jaso. Marxista batek ulertzen ez duen eskema da aipatutakoa, eta ondorioz hor dago gakoa. Guk ez dugu edozein gizarte eraiki nahi, eraiki nahi duguna justua da, inor bide bazterrean uzten ez duena", azpimarratu du.

Gertek enpresako langileen protesta

Jeltzaleen ekitaldi politikoa baliatu dute Gertek enpresako azpikontratatutako langileek, bide azpiegituren mantentzeaz arduratzen direnak. Urtebete daramate greban eta salatu dutenez, hitzarmena ez da ari betetzen enpresa. Hala, zerbitzu publiko duina eta kalitatezkoa aldarrikatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak