Arteari lotutako ekintza solteak antolatu izan dituzte Antixenan beste urte batzuetan, baina lehenengo aldiz planteatu dute arte jardunaldi modura. Maddi Txintxurreta da jardunaldi hauen antolatzaileetako bat, eta azaldu duenez, gaztetxearen bueltan ibiltzen diren zenbait kidek interesa zeukaten artearen munduarekin eta tailer ezberdinak probatzearekin. Horregatik, pentsatu zuten "zerbait" antolatzea modu ireki batean herritar guztientzat.
Serigrafia, argazkigintza, buztin, pintura eta grafiti tailerrak aurki daitezke egitarauan, besteak beste, baina baita bestelako ekintzak ere. Tartean, Artixena eguna, Euskal Herriko komikigintzaren inguruko mahaingurua, mural margoketa edota Lian Monserraten Bomb it dokumentala ikusi eta berarekin solasteko aukera egongo da.
Antolatzaileen esanetan, erantzun ona izan dute jardunaldiek: "50 pertsona inguruk eman du izena. Egia da tailer bat baino gehiagotara apuntatu direna gehienak. Erantzuna ona izan da. Tailer batzutan jendean kanpo geratu da, zehazki, buztinarenean eta tortuarenean. Tornuarenak aukera ematen zigun bi egunetan egiteko eta halaxe egingo da".
Halaber, jardunaldiek dirauten bitartean, bi erakusketa egongo dira ikusgai gaztetxeko goiko solairuan 18:00etatik 20:00etara; hain zuzen ere, Sophia Morales oñatiarraren Nire azaletik argazki erakusketa eta beste kolektibo batek egindako Korda, larru, gorda argazki saioa.
Artixena eguna, apirilaren 22an
"Bageneukan gogoa zapatu bat hartzeko eta egun osoko egitarau bat osatzeko. Tailer eta hitzaldien ordez, beste formaturen bat. Era berean, ikusi genuen jardunaldi hauetan musikak ez zuela lekurik", dio Txintxurretak. Hori dela eta, goiz horretan, sortzaile eta artisten topalekua jarriko dute –azoka, erakusketa...– gaztetxe kanpoan.
Ondoren bazkaria egingo dute gaztetxean, eta bazkalostea bingo drag-eatuarekin animatuko dute. Azkenik, eguna borobiltzeko Silitia taldeak kontzertua eskainiko du.
Buztin tailerrarekin hasiera
Antolatzaileek esan bezala, saiorik arrakastatsuenetako bat buztin tailerrarena izan da, plaza mugatuak izanik jendea kanpoan geratu baita. Iñaki Jauregialtzok eskaini zuen tailerra atzo, jardunaldien lehen egunean, eta artisauak aurretik prestatutako buztinezko azulejo batzuetan gaztetxearen izena nahiz beste zenbait sinbolo marraztu zituzten parte-hartzaileek taldean, ondoren Antixenan jartzeko: "Asmoa da ikustea nola landu daitekeen buztinaren teknikaren azulejo batzuetan. Gaztetxeak duen filosofia hori –elkarlana edota sorkuntza– ikusaraztea".
Behin lana amaituta, Jauregialtzok aurreratu du hurrengo pausoa Antixena eguneko erakusketan egindakoa bistan jartzea izango dela, eta ahal bada, eta parte-hartzaileak animatzen badira, haiek egindakoaren inguruko aurkezpen txiki bat ematea.