50 urte kanpin-denda baten bizitzen egoteak sortzen duen nekeaz bizi da sahararra kanpamenduetan, eta "gazteek alde egiten dute, ikasi gura duenak alde egin behar du, lan egin gura duenak alde egin behar du".
2013an iritsi zen Saleh Oñatira. Senarrarekin etorri zen eta lau seme-alaba dituzte. Saleh abokatua da, Zuzenbidea ikasi zuen Aljerren. "Lege musulmanak dira eta hemen ezin dut abokatu moduan lan egin; berriz ere ikasi beharko nuke". Une honetan ezinezko zaio. "Lau-seme alabaren ama izanda, ezingo nuke", dio. Gaur egun, senarra da etxetik kanpo lan egiten duena eta Saleh arduratzen da umeen zaintzaz eta etxeaz: "Adinekoak zaintzen ere ibili izan naiz, baina senitartekoen laguntzarik ez dut eta etxean gelditu behar izan dut umeekin".
Zailtasunak hazi
Senitartekoen laguntza barik, haren ikasketak baliatu ezinik, egunerokoa gogorra den oso jakitun da Saleh. "Lana, dirua, gastuak, hara eta hona presak... egunerokoak jan egiten gaitu. Gure janzkera ere oztopo zaigu hemen", erantsi du. "Alokairu baten bila edo lan bila ari garenean, zaildu egiten du; jendeari mesfidantza sortzen dio". Hala ere, gustura dago Oñatin: "Elkarbizitza dugu herritarrekin, eta harreman polita gure seme-alaben lagunen gurasoekin. Uste dugu toki onean gaudela, gure helburua eurei etorkizun bat ematea baita".