Hamar urte bete ditu auzo-konpostak

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 31a, 12:00

2013an jarri zuten Oñatin lehen auzo-konpost gunea, eta, hainbat aldaketa jasan dituen arren, martxa "onean" doa hondakinen kudeaketa. Oñatiko lorezainekin elkarlanean lortutako inausketa-hondarrek askoz konpost hobea egiten lagundu dute. 

Dagoeneko hamar urteko ibilbidea egin du auzo-konpostak Oñatin. Egun, 200 familiak baino gehiagok parte hartzen dute hondakinen kudeaketa horretan. Hamar urte hauetan, baina, hainbat aldaketa jasan ditu: hasieran, plastikozko ontziak jarri zituzten, baina arratoien ugaritzeak edukiontziak aldatzea ekarri zuen. Hori dela eta, orain dela hiru urte, edukiontzi handiagoak eta material gogorragoarekin egindakoak jarri zituzten. Zazpiehun litroko edukiera zuten ontziak mila litroko ontziekin aldatu zituzten.

Asier Iraeta Oñatiko Udaleko Ingurumen zinegotzia da, eta hezetasuna ere heldu beharreko beste gaietako bat izan dela dio: "Lehorte garaian, udan, nagusiki, konposta oso lehor egoten zen, eta ur-depositu batzuk jarri genituen ura handik hartzeko". Gaineratu du hasieran zerrautsa ona izan zitekeela pentsatu zutela, baina ondoren ohartu zirela ezetz. 

Guztira, herrian sei auzo-konpost gune daude, auzoka banatuta: Errekalde auzoan bat, Bidebarrietan bi, San Martin auzoan beste bat, Olakuan beste bat eta beste bat San Lorenzo auzoan. Horretaz gain, zortzigarren gunea ere badaukate, eta biltegi bezala erabiltzen dutela dio Iraetak: "Zortzigarren gunea ontze-gunea da; auzo-konpost gune guztietan jasotakoa biltzen dugu han, eta, hala, amaiera ematen zaio ontze-prozesuari". Auzo guztietan jasotakoa bildu ondoren, konpost guztia galbahe automatikotik pasatzen dute, soilik konpost xehearekin gelditzeko. Behar ez dituzten konpost zati handiak kutxa handietara eramaten dituzte.

Iraetak onartu du puska handiak txikitzeko makina bat erosi nahian ari direla. Hori horrela, konposta nahi duen herritar kopuru minimo bat dagoenean deialdia egiten da konposta jasotzera joateko. Udalatxearen atarian egin izan dute deialdia, eta norberak eraman behar ditu zakuak edo ontziak.

Kaptazio kanpaina

Antolakuntzakoek familia gehiago batu nahi dituzte proiektura. Horretarako, izena emateko bi bide daude: presentzialki, Oñatiko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan; edo Udalaren webgunearen bitartez. Joan den astean, Foruen plazan informazio-puntua jarri zuten eta kanpainarako propio sortutako poltsak banatu zituzten herritarren artean. Gainera, laster, auzo-konpostaren proiektuaren nondik norakoak biltzen dituen bideo bat kaleratuko dute, herritarrei proiektuan parte hartzeko gonbita egiteko.

Asier Iraetak helburua gogoratu nahi izan du: "Gure asmo nagusia da ahalik eta jende gehien batzea; izan ere, aurreko urtetik aurrera baliabide aldetik egoki gaude". Iaz pertsona bat kontratatu zuten, egunero gunez gune konpostaren jarraipena egiteko eta funtzionamendu egokia bermatzeko. Alde horretatik, pertsona bat horretaz arduratzen denetik diferentzia "handia" dela nabarmendu du Iraetak, eta begi-bistakoa dela konpostaren kalitatea "onagoa" dela. Gaur egun prozesu osoa kontrolatzen dutela dio, eta, beraz, ahalik eta jende gehien animatu gura izan du auzo-konpost proiektuan parte hartzera: "Nahi adina familia batzeko dei egin nahi dugu".

Hobaria hondakinen tasan

Auzo-konpostean parte hartzen duten herritarrek hondakinen tasan %25eko hobaria izango dute. Hala, hobari horretaz disfrutatu nahi duten herritarrek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo behar dute, eta izena emateko eskaera-orriaz gain, hondakinen tasaren azken ordainagiria aurkeztu beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak