Goiza hausnarketarako baliatuta, Euskal Herri feminista intersekzionalitatetik eraikitzen mahai-inguruko hizlariak entzutera bertaratu dira gazte ugari. Mugimendu feministako Ibis Ugartek gidatuta, intersekzionalitatea egungo egoerak ulertzeko marko gisa definitu dute, honako adibidea jarriz: "Neska gaztea subjektu moduan ulertuta, subjektu horren bizitzako esperientzia desberdina da mutil gazte baten aldean. Hau da, subjektuen ezaugarri sozial guztiak hartu behar dira kontuan kontestuak ulertzeko".
Zaintza ere izan dute jomugan, lan merkatuak arautzen duen zaintza eredua aldatzeko beharra, zehatz esanda. "Denontzako zaintza eskubidea" bermatzearen alde agertu dira: "Hori lortzeko aldaketa kultural handia komeniko litzateke egitea, egun dauzkagun zenbait pribilegio albo batera utzita; beharbada, oporretara joan ordez, horretara bideratuko genukeen dirua tokiko elikadura, haurren zaintza sarea eta kalitatezko aisialdia indartzeko erabilita".
Etorkizuneko bizitzak erdigunean nola jarri eztabaidatu dute ostean, Ernairen 10 urteko ibilbidea izan dute hizpide, Gazte botereaz dena aldatzen izenburupean. Adierazi dute 2008ko krisiaren eta feminismoaren hazkundearen testuinguruan ulertu behar dela Ernairen sorrera, eta, era berean, Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren baitan: "Errepresio garaietatik egiteko modu berrietara joateko ezinbesteko agentea izan da Ernai; gure militantzia eredua aitzindaria izan da, gazte antolakunde feminista bezala identifikatu garelako. Ikuspegi horrek eztabaida eta borroka berriak txertatu ditu ezker abertzalearen barruan".
Luze jo du egunak
Azokan bazkari herrikoia egin eta 18:00etan ireki dute alboko frontoiko karpa. Kontzertuak 19:00etan hasi dira, EH Sukarra, Golpe de Estado, Liher, Skabidean, Lehen Lerroa, Trikidantz eta DJ Malandroren emanaldiekin. Tartean ekitaldi politikoa ere egin dute, 22:00etan hasita.
Oñatiko ekitaldiak Elorrion apirilaren 6tik 8ra egingo duten Bizitzeko modu bat gazte topaketa nazionalarerako beroketa ariketa moduan ere uler daitezke. Ernaiko kideek bailarako gazteei bertaratzeko deia luzatu diete, joan-etorrietarako autobusak egongo direla aurreratuta.
Ernairen bideoa eta irakurketa
Azpian, Ernaiko kideek zapatuko egunaren harira egindako bideo-laburpena eta irakurketa.