Jakin-minez gerturatu dira oñatiarrak herriko etnografia batzen duen liburua ezagutzera

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 3a, 22:12

Herritar asko izan dira 'Atzo, Etzi. Oñatiko kultur ondare etnografikoa' liburuaren aurkezpenean. Erreusak proiektuaren nondik norakoak eta liburuak jasotzen duenaz mintzatu da Gure Bazterrak taldeko kide eta liburuaren egile Arantzazu Sagarzazu Sacristan.

Gazteak zein adin batetik aurrerako herritarrak gerturatu dira arratsaldean zinema aretoan egin den liburuaren aurkezpenera, herriko etnografia batzen duen liburuan zein tresna, kontakizun eta bizipen bildu dituzten jakinminez. 

Gure Bazterrak kultura elkartearen ibilbidea, aurretik egindako lanak eta Erreusak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu egileak, Arantzazu Sagarzazu Sacristanek. 2021eko udan nola landa lana egin zuten herriko 80 bat baserrietara, lantegi txikietara, etxeetara, bildumetara... joanda. Aurkitutako lanabesei argazkiak atera eta fitxak egin zizkieten, hiru artxibo handitan sartzen direnak. Eta material hori 175 orri dituen koloretako liburu batean jaso dute, gaurtik salgai dagoena herriko liburu dendatan, kultura etxean, Turismo Bulegoan eta Arantzazuko dendan, hamar eurotan.

Proiektuan zehar ateratako argazkiak erakutsiz eman ditu azalpenak Sagarzazuk, tarteka liburuko pasarteak irakurriz. Eta eskertuta agertu da. Eskerrak eman dizkie etxeko ateak zabaldu dizkieten herritarrei, proiektuan bidelagun izan duen Sara Larruzea Lobori (berarekin batera jaso zuen oñatiarrak etonografia lantzeko Udalak emandako diru laguntza), laguntzen ibili direnei, gaurko aurkezpenera joan direnei...

Bere aurretik Iñaki Olalde kultura batzordeburuak eta Izaro Elorza alkateak hartu dute hitza. Liburua ateratzen lagundu dien Ereiten zerbitzuetako Eriz Zapirainek bidalitako hitzak irakurri ditu Olaldek, ekitaldian ezin izan da egon eta. Eskerrak ere eman die proiektuan ibili den lantalde osoari. Ildo beretik egin du berba Elorzak ere, joandako herritarrei ere eskerrak emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak