Julen Astigarraga: "Basoaren funtzioak areagotzea da erronka"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ots. 21a, 16:48

Ekologian doktorea den Julen Astigarra oñatiarra.

Iturrigorriko basoak ikertu ditu eta basoen kudeaketaren eta klima aldaketaren arteko erlazioaz arituko da bihar, otsailak 22, Oñatiko kultura etxean, Ingurumen Jardunaldien barruan. Domekan, berriz, irteera egingo dute Artasora hitzaldian landuko dutena bertatik bertara ikusteko.

Dendrokronolia: zuhaitzen bizitza ezkututik klima aldaketara hitzaldia egingo du Julen Astigarragak ekologian doktoreak (Oñati, 1994) Asier Herrorrekin eguaztenean, hilak 22, 19:00etan, kultura etxean. Dio basoaren egitura zenbat eta pluralagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izango duela basoak klima aldaketara egokitzeko.

Zelan ulertu behar da ekologia?

Ekologia da zientzia bat ikertzen duena izaki bizidunak eta horrek ingurumenarekin duen harremana. Edozein izaki bizidunek, existitzearren bakarrik, inpaktu bat du ingurugiroan. Inteligentzia maila handiagoa dugulako eta izaki sozialak garelako, gizakiaren inpaktua handiagoa da, bai espazioan, mundu mailan, eta bai denboran, aurrekaririk gabeko inpaktuak sortu ditugu denbora laburrean. Garrantzitsuenak dira: kutsadura, bioaniztasunaren galdera eta klima aldaketa.

Zenbateko lotura dute basoak eta klima aldaketak?

Basoaren funtzioak askotarikoak izan dira historian zehar eta funtzio horiek nola areagotu da erronka. Kudeaketa apropos hori zientziak ez du oraindik, baina teknologian oinarritu baino gehiago, naturan oinarritutako soluzioak proposatzen dira.

Artasoko pagadi bat hartu duzue lagin ikerketarako; zein da emaitza?

Pagoa aztertu dugu eta Artixa eta Iturrigorriko basoak ikertu, 1.300 hektarea inguru: pago motzak, baso gazteak –lehen ez zirenak– eta baso zaharrak, 100 urtetik gorakoak; espezie berean, eremu txikian baina kudeaketa ezberdinetan. Zuhaitzek, urtero, hazkuntza-eraztun bat sortzen dute eta eraztun hori zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta urte oparoagoa izango da hazkuntzarako. Prezipitazioak, lehorteak eta udaberriko izozteek ze bilakaera izan duten ikusi dugu, eta aldagai horiek zuhaitzen sinkronian eta hazkuntzan izan duten eragina ikertu. Klima aldaketa gero eta nabarmenagoa dela eta zuhaitzak gero eta zaurgarriagoak direla ikusi dugu, kudeaketa bat izan edo beste bat izan. Baso gazteak, hala ere, zaurgarriagoak dira. Baso zaharrak behar ditugu. Gazteak zahartuko dira, baina zahartze hori klima aldaketaren abiadura baino motelagoa da, ez dugu denborarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak