Azpiletako ur-deposituaren proiektua aurkeztu du Oñatiko Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ots. 17a, 19:19

Arantzazuko Azpiletako ur-depositua Gipuzkoako Urak sistemaren barruan dagoen Goiko Bentako depositura konektatuko dute. Modu horretan, 27 baserrik hartuko dute Azpiletako depositutik ura. 223.749 euroko aurrekontua du proiektuak, BEZa barne eta Ekin Eraiketak S.L. enpresak egingo ditu lanak. Lan horiek martxoan hasiko direla aurreratu du Oñatiko Udalak eta ekainean amaitzea aurreikusten dute.

Arantzazuko Azpiletako ur-deposituaren proiektua aurkeztu dute Oñatiko alkate Izaro Elorzak eta Landa Garapen saileko batzordeburu Xabier Igartuak, gaur goizean. Azpiletako deposituan ur-sistema propioa dago eta han jasotako ura Zapiarbe baserriraino nahiz Arrikutz aldera bideratzen da. Bada, egindako zenbait analitiketan trihalometanoa atzeman izan dute; hortaz, ur edangarririk gabe geratu dira depositu horretatik ura hartzen duten bizilagunak hainbatetan. Arazoa areagotu egin dela adierazi du Izaro Elorza alkateak eta horri irtenbidea emateko, azken urteetan hainbat proiektu landu dituzte, auzotarrekin batera.

Aukeretako bat ura Elgeako mendilerroaren azpitik hartzea zen, egindako zundaketen arabera, "ur ona" ateratzen zela ikusi baitzuten. Bestea, Goiko Bentako ur-deposituarekin konektatzea zen; izan ere, depositu hau Gipuzkoako Uraken sistema barruan dago eta inguruko baserrietara, Arantzazuko Santutegira nahiz Zelaizabal jatetxera bideratzen da bertako ura.

Goiko Bentako depositura konexioa

Bigarren aukera hori burutuko dute azkenean, eta proiektuaren txostenean jasota dagoenez, horretarako, Zelaizabal jatetxeko ur hartunetik konduktu berri bat sartuko dute Zapiarbe baserriraino. Gainera, Akuegiko Errota inguruan, bi tarte txikitan errefortzuak egingo dira eta "Goiko Bentaren ildoan presioa murrizteko balbulak instalatuko dira, zerbitzuaren baldintzak gaur egungoetara hurbiltzeko eta egungo sarearen presioa gehiegi ez handitzeko", besteak beste.

Lizitazioa eta aurrekontua

Duela hilabete batzuk, lizitaziora aurkeztu zuten proiektua, baina ez zen inor aurkeztu. Dena den, bigarren aldian, bi enpresa aurkeztu direla adierazi du  Xabier Igartuak eta azkenean, Ekin Eraiketak S.L. egingo ditu lanak.

223.749 euroko aurrekontua du, BEZa barne. eta Igartuak azaldu duenez, ondorengoa izango da finantzaketa modua. Diruaren erdia Udalak jarriko du eta beste erdia Gipuzkoako Urakek Oñatiko ur-sarearen inbertsioetarako duen poltsatik bideratuko litzateke. Hala ere, diru-laguntzetara aurkezteko asmoa azaldu du Igartuak "halako hobekuntzetarako diru-laguntzak existitzen baitira. Jasoz gero, Udalaren aldetik eta Gipuzkoako Uraken poltsa horretatik ere, diru gutxiago hartu beharko litzateke".

Lanak martxoan hasiko dira eta ekainean amaitzea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak