Ricardo Guisado-Balanzategui (Cordoba, 1965) da alderdi popularrak maiatzeko udal hauteskundeetan Oñatin aurkeztuko duen zerrenda burua. Gaur egin dute horren aurkezpena eta zerrendan bere jarraian joango diren beste bi lagun ere izan ditu ondoan: Maria Olaran Mujika –Unión Cerrajerako sortzaileetako Jose Mª Resusta Altunaren birbiloba– eta Eva Pereira Corcostegui –Oñatiko alkate izan zen Reyes Corcosteguiren iloba– .
Guisado-Balanzateguik, albaitaria ikasketaz, nazioarteko harremanetan egin du lana egoitza Madrilen duen fundazio batean eta Donostiara joan-etorri asko egiten dituela onartu du. Oñatirekin ere baduela lotura gaineratu du: bere amandrearen aurrekoak Santxolopeztegi auzoko Balantzategi baserrikoak ziren.
Fakultatea eta beste proiektu batzuk
Duela urtebetetik hona Oñatiko alderdi popularreko koordinatzailea dela esan du Guisado-Balanzateguik: "Egun, Euskadin, ez dago eskaintzarik albaitaritza ikasketa unibertsitarioak egiteko. Eta garbi ikusten dugu fakultate horrek Oñatin izan behar duela egoitza. Landa herria da Oñati, hiru hiriburuetara dagoen distantzia ez da handia, Oñatik lotura zuzena du nekazaritzarekin, 1851tik 1869ra Oñatiko Unibertsitateak nekazaritza ikasketak hartu zituen gainera". Alderdi popularraren Oñatiko alkategaiaren esanetan, "ondo landutako proiektua da, gaia ezagutzen duten aditu askorekin kontrastatutakoa". Fakultate horrek, ikasgelak ez ezik, animaliendako ospitalea –herriko albaitariek ere erabili ahal izango luketena–, ikerketa zentroa eta etxaldea izango lituzke."20 milioi euroko inbertsioa, bost urtetan mailakatuta. Tokiari buruz, ez dugu lekurik finkatu, baina edozein auzotan izan daiteke, Berezaon, Larrainan, Santxolopeztegin zein beste edozeinetan. Baserri huts asko daude herrian eta apenas erabiltzen diren lur sailak ere bai. Baserritarrekin egin beharko genuke akordioa". Eta gaineratu du: "Fakultate horrek onurak ekarriko lizkieke ostalariei ere, ikasleei ostatua eskainiz".
Albaitaritza ikasketa egiteko fakultateaz gain, Oñatirako beste hainbat proiektu ere badituztela aurreratu du Guisado-Balanzateguik, hala nola, Oñati herria gizadiaren ondare izendatzea eta Corpus prozesioa ondare ez materiala izendatzea. Txakurrendako ospitale bat egitea eta padeleko pista estali publikoak egitea ere gura du. Horien xehetasunak baina, aurrerago emango dituzte.
Alderdi popularreko kideez inguratuta
Fakultate hori, Oñatirendako ez ezik, "Gipuzkoarendako eta Euskadirendako" ere proiektu garrantzitsua izango dela gaineratu dute goizeko aurkezpenean Mikel Lezamak -alderdi popularraren Gipuzkoarako ahaldun nagusi gaia–, Muriel Larreak –Gipuzkoako popularren presidenteak– eta Laura Garridok –Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusia–. EAJren proiektua "agortuta" dagoela eta PSOE "erortzen" ari dela esan du Garridok, eta horien aurrean dagoen aukera alderdi popularra dela gaineratu. Murielek, berriz, "Oñatik behar duen pertsona" moduan aurkeztu du Ricardo Guisado-Balanzategui, eta aurreratu du Debagoieneko gainerako herrietan, "gehienetan, behintzat", hautagaitza aurkezten ahaleginduko direla: "bailaran alderdi popularreko jende asko dago, baina ez dira ausartzen agerikoak izaten, eta bertakoak izan baina garai batean bizitzera kanpora joan direnekin ari gara saiakera egiten".