Gipuzkoako Botikarien Elkargoarekin lankidetza hitzarmena egitea onartu du, aho batez udalbatzak, botiken tratamendua jarraitzeko zailtasuna duten herritarrei laguntzeko. Farmazia asistentzia modu egokian egitea da Botikarien Elkargoaren helburua, pertsonek botikak modu egokian jaso ditzaten; Oñatiko Udalarena, herritarrei bideratutako laguntza jarduerak, ahal dela, etxeraino bideratzea. Lankidetza hitzarmen honekin, helburu biak bateratu gura izan dituzte. Herritarrak hartzen duen tratamendu horretan Udala zein farmaziak, bidelagun izatea da helburua, hartzen dituzten botiken jarraipena egiten eta horiek hartzeko bidean laguntzen.
Euren etxean bizi eta etxez etxeko laguntza zerbitzua jaso behar edo familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomiko bat jasotzen duten herritarrek erabil dezakete zerbitzu hau; egun hamabi lagunek erabiltzen zerbitzu hau.
Programan parte hartzea borondatezkoa da, baina etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren edo familia-inguruneko zaintzarako prestazio ekonomiko baten onuradun direla edo gizarte-harrerako zentroetan bizi direla justifikatu behar dute, dagokion erakundearen zigiluaren bidez, eta programaren funtzionamendu-baldintzak onartzen dituztela sinatu.
Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez bideratzen dute eta hara joan daiteke zerbitzua erabili gura duen herritarra.
Lau farmazia daude Oñatin eta laurak daude programa honetara atxikituta. Oñatiko Udalak bezala, Bergarakoak, Aretxabaletakoak, Arrasatekoak eta Eskoriatzakoak ere badute akordioa eginda Gipuzkoako Botikarien Elkargoarekin.