Herriko ehun soziala, webgunean jasota

Mireia Bikuña 2023ko urt. 12a, 15:46

Herriko talde eta eragileak bildu eta bistaratzen dituen mapa bizia da, harremanak eta ekintzak jaso gura dituen ekintza komunitarioaren barruan kokatzen dena. Lanketa horrek jarraipena izango du, eragileen arlokako bilera irekiekin.

Elkarrekintza sustatu eta ekintza komunitarioa indartzera begirako plataforma digitala aurkeztu du astean Oñatiko Udalak. Herriko esparru, eragile eta ekimenak ikusarazteko, hausnartzeko eta elkarrekin saretzeko "tresna kolektibo eta kolaboratiboa" da www.oñatiekintzakomunitarioa.eus webgunea eta lehen errondan ehun soziala osatzen duten antolatutako eragileak igo dituzte mapa horretara.

Mapa bizia da

Oraingoz, 102 eragileren datuak bildu dituzte mapan. "Mapa bizia da eta berriak etorriko eta sartuko dira. Edonork du aukera, edozein unetan, mapan sartzeko", dio Anik Zubizarretak, Oñatiko Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko batzordeburuak.

Oñatiko ehun soziala osatzen duten herriko taldeen, elkarteen, kolektiboen eta eragileen topaleku izan eta haien arteko elkarrekintza sustatzea helburu duen egitasmoa ipini zuen martxan Oñatiko Udalak 2020an. Lanketa horren ostean sortu da web plataforma, elkarte, kolektibo eta eragile horiek elkarren berri izateko tresna moduan. "Zabaldu eta bistaratu, jakiteko elkarteak badaudela, zertan ari diren, nortzuk diren, non dauden... Ikuspuntu orokorra eskaintzen du mapak, herrian zer dagoen eta zer mugitzen den ikusteko. Egungo eta egon ahal den sarea ikusteko aukera bat da".

'Aulkiak-2' saioak, arloka

Guztien eskura dagoen web plataformaz harago, Aulkiak delako topaketaren bigarren saioak egingo ditu Udalak. Iazko azaroan egindako lehen topaketaren emaitzaren ondotik, arloka bilduko dira eragileak, eta elkarrekin dituzten harremanak eta elkarlanerako aukerak jorratuko dituzte. "Lehenengo saioa orokorra izan zen, hurbilpen bat, eta orain iruditu zaigu aberasgarria izango dela sektoreka egitea, eurek konpartitzen dutena azaleratzeko. Datu horiek baliagarriak dira, lanketarako kontuan hartzekoak". Hilaren 17an eta 18an eragile sozialak batuko dira; 24an, kultura eta hezkuntzakoak; eta 25ean, kirol eta ingurumen arlokoak. Euskaldun Berria gelan, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak