Bilbora, etxerako bidea eskatzera

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 5a, 10:55

Sarek pandemia aurretik Bilbon egin ohi zuen presoen aldeko manifestazioan esku hartzeko deialdia egin du, Etxerako bidea gertu lelopean. Besteak beste, Joseba Arregi oñatiarrari azaroan aplikatutakoaren moduko gradu erregresioak salatu dituzte.

Pandemiarengatik azken bi urteotan egin ezin izan duten manifestazioa izango da zapatuan Bilbon, 17:00etan Casillatik irtenda. Hala, Etxera bidea gertu lelopean milaka lagun elkartzea aurreikusten dute, Sarek deituta, eta Debagoieneko eragileek kale agerraldian esku hartzeko deialdia egin dute. 2022an aurrerapauso garrantzitsuak eman direla azaldu dute deitzaileek, baina oraindik ere manifestazioan parte hartzeko hamaika arrazoi daudela adierazi dio Sareko kide Txarli Garciak GOIENAri: "Zoritxarrez, oraindik pisuzko arrazoiak daude. Egia da 2022an aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, urte emankorra izan da gatazkak utzitako ondorioei dagokienez. Esaterako, biktima ezberdinen arteko espazio berriak irekitzen ari dira eta hor azpimarratzekoa da foro sozialak egiten dabiltzan lana.

AUTONOMIA KALEA BETE NAHI DUTE; GERO, MANIFESTAZIOA UDALETXERAINO JOANGO DA

Horrekin batera, eta 34 urte igaro eta gero, ia-ia amaitu dugu urruntze-politika eta hori jende askok egin duen lanari esker izan da, bai herri mugimenduetan, bai instituzioetan, lantegietan, kalean... Eta hor kolektibo bat nabarmentzekotan senideena da; haiek ere 34 urteren ostean zama handi bat atzean utzi ahal izan dute. Baina oraindik oztopo handiak daude bidean: Auzitegi Nazionala eta, bereziki, fiskaltza, tematuta daude etxeratze prozesu horri trabak jartzen. Eta hor esanguratsua da 110 preso daudela hirugarren gradua eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak; horietatik 33 presok bakarrik eskuratu dute gradu hori, eta kopuru horretatik bederatzi lagunek gradu erregresioa izan dute; tartean, Joseba Arregi oñatiarra".

"Ez ditugu pribilegioak nahi"

Halakoen aurrean ez dituztela pribilegioak nahi diote Saretik: "Guk legea betetzea nahi dugu, horixe da eskatzen duguna eta uste dut Joseba Arregirena bezalako kasuak onartezinak direla, eta, gainera, gizartearen zati handi batek ez dituela onartzen. Eskatzen gabiltzana da euskal presoei gainontzeko presoei aplikatzen zaien legedia aplikatzea; besterik ez".

Urruntze-politika amaitu bidean dela baloratzen dute Saren, eta, horregatik, fase berri batean aurrean kokatzen dira, etxeratzeko fasean. Eta aldarrikapen horri modu egokian heltzeko aldaketak egin dituzte, baita ikurrei dagokienez ere. Hori horrela, irudi berria aurkeztu zuten martitzenean Donostian.

"Mendekuan oinarritutako politika da"

Joseba Arregi oñatiarra azaroaren 21az geroztik kartzelan da ostera ere. Otsailean, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren gradua eman zion Arregiri; bada, hilabete geroago, fiskaltzak helegitea jarri zuen, eta azaroan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren erabakia etorri zen: bigarren gradua ezarri zioten. Hala, gradu erregresioaren eraginez, Joseba Arregi Martutenen da azarotik. "Senitartekoak berriro kartzela barruko bizimoduarekin aurrera egiten gabiltza: bisita eskaerekin, bisean bisekoak, bidaiak antolatzen, hura kartzelan duin bizi dadin diru-sarrerak eginez... Joseba zortzi hilabetez kalean egon da hirugarren graduarekin, baina kartzelaratzeko mehatxuarekin. Arestian azaldu moduan, Audientzia Nazionaleko fiskalaren menpe. Familiarendako izugarrizko injustizia eta sufrimendu handia da mendekuan oinarritutako politika hau", adierazi diote Joseba Arregiren senitartekoek GOIENAri.

GRADU ERREGRESIOA JASO DUTENEN EGOERA SALATU DUTE; TARTEAN, JOSEBA ARREGI OÑATIARRA

Hiru laurdenak beteta Arregik 76 urte ditu eta horietatik ia 31 kartzelan pasa ditu. Espainiako zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen. "Joseba kalera irteteko zain dago. Abokatua berriro hutsetik abiatuta kartzelatik irteteko dokumentazio eskaerak egiten dabil. Legea aplikatzea eskatzen dugu, ez dago besterik. Izan ere, Frantzian espetxean egin zitueneko hamar urteak ez dizkiote zenbatu; 77 urte beteko ditu martxoan eta hil horretan 31 urte beteko ditu kartzelan", adierazi dute senitartekoek.

Autobusak herririk herri

  • Antzuola
    15:00etan irtengo da,
    Sagastiko autobus geltokitik. Izena emateko, Aitz Garbi tabernan.
  • Aretxabaleta
    15:15ean irtengo da,
    Azbetik. Tiketak Gurea eta Urbaltz tabernetan salgai.
  • Bergara
    Goizeko autobusa
    11:00etan irtengo da, Torrekuatik. Arratsaldekoak, 15:15ean Osintxutik eta Angiozartik eta 15:30ean Torrekuatik.
  • Arrasate
    Goizeko autobusa
    11:00etan irtengo da, Zalduspetik, eta arratsaldekoa 15:00etan, leku beretik. Izena emateko, Irati, Taupa eta Monte tabernetan.
  • Leintz Gatzaga
    Autobusa 14:45ean
    irtengo da, geltokitik.
  • Eskoriatza
    Autobusa 15:00etan
    irtengo da, geltokitik. Tiketak, Inkernun.
  • Oñati
    Goizeko autobusa
    10:00etan irtengo da, Enpresagintzatik, eta arratsaldekoa 15:00etan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak