Ganbara faktoriak bi egitasmo taularatuko ditu Gabonen amaieran

Hasier Larrea 2022ko abe. 27a, 13:43

Ikustezinak haurrentzako ipuin musikatua aurkeztuko du Ganbara kantu eskolak, urtarrilaren 7an, 18:00etan, Santa Ana aretoan. Hurrengo egunean, Bidaurretan, 19:00etan hasita, Illuminations ikuskizuna egingo du Hots abesbatzak, Aequus ensemblearen eta Amaia Zipitria pianojolearen laguntzarekin.

Gabonei kutsu kulturala gehitzeko ahalegin berezia egingo du aurten ere Ganbara faktoriak, taldearen helburua abesbatza-musikarekin lotutako jarduerak gizarteratzea delako. Joan den azaroan kantu diziplinari instrumentuen hanka gehitu zioten Aequus Ensemble eratuta, hala, lau adarrek osatzen dute gaur egun Ganbara faktoria: Ganbara kantu eskolak, Hots abesbatzak, Ganbara abesbatzak eta Aequus Ensemblek. Lau taldeetako ordezkariek hemendik eta uztailera arte garatuko dituzten ekitaldien berri eman dute Eltzian, urtarrilaren 7ko eta 8ko emanaldietan jarriz bereziki arreta.

Xomorro "ikustezinak" ezagutzera

Ganbara kantu eskolak emango du urteko lehen emanaldia, urtarrilaren 7an, zapatua. 4 eta 7 urte arteko umeei eta familiei zuzenduko zaie Ikustezinak emanaldiarekin: " Halooween jaian dago girotuta dagoen ipuin musikatu hau euskaratu dugu. Etxe abandonatu batean jorratuko da istorioa, non andereño eta ikasleek  armiarmak, saguzarrak, zizareak eta sugeak ezagutuko dituzten; guretzat ikustezinak diren xomorroak, edo ikustezin izatea gura ditugunak. Transmititu nahi dugun mezua da intsektu hauek beharrezkoak direla bizitzan" adierazi du Aitor Biain Bidartek, Ganbara faktoriako zuzendari artistikoak.

Argitu du ez dela beldurrezko istorio bat, etxeko istorio bat baizik. Txontxongiloak erabiliko dituzte protagonista ñimiñoak irudikatzeko, eta argiztapen bereziz eta proiekzio efektuz hornituko dute Santa Anako oholtza. Guztira 32 lagun daude egitasmo honen atzean, kantuan arituko diren hogei haur eta bi helduak, gehi produkzio lanez arduratu diren hamar kideak.

Gabonetako argiak, abesbatza eta sokazko doinuz adierazita

Urtarrilaren 8an, domeka, Bidaurretan aurkeztuko du Hots abesbatzak Illuminations ekimena. Taldeko ordezkari Amaia Guridik zehaztu du "Gabonetako argiak" izango dituztela hizpide. Ideia hori adierazteko Gabon kanta ezagunak abestuko dituzte,  musika sinfoniko korala izanik horretarako kanala. Izan ere, Hots abesbatzako 35 kantariek Aequus Ensambleko sokazko hamabost musikariren eta Amaia Zipitria pianojolearen laguntzaz abestuko dute. Aurreratu dutenez, Eva Ugaldek taldeari duela urte batzuk idatzitako Elementuen Kantak lehen aldiz orkestratuta entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Bi emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, bakoitza 5 euroren truke, Txokolaterixan, plazako leihatilan eta oñati.eus atarian.

Uztailera arte, topera

Horiek epe laburrerako proposamenak, epe ertainera begirakoen berri emateko ere aprobetxatu baitute prentsaurrekoa. Ekitaldi nagusienen artean, kantu eskolak Tartalo musikala estreinatuko du martxoan, Debagoieneko haur eta gazte abesbatzen bigarren topaketa egingo dute maiatzean, eta Aequus Ensemble-k orkestra barrutik ezagutzeko kontzertu pedagogikoa eta Equniox proiektua aurkeztuko ditu.

Nazioarteko lehiaketa ugaritan ere parte hartuko du Ganbara faktoriak. Bi hitzordutan eman du izena Ganbara abesbatzak: Egea de los Caballerosko 50. urtemugakoan –apirilean– eta Italiako Gorizia hiriko lehiaketa internazionalean –uztailean–. Hots abesbatza, bestalde, Frantziako Tours hiriko sariketara aurkeztuko da maiatzean.

Azkenik, urteroko bazkide kontzertua emango dutela aipatu dute, Ganbarako talde guztien parte hartzearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak