Orkestra ere badu Ganbara Faktoriak

Oihana Elortza Gorostiza 2022ko abe. 1a, 16:27

Aequus Ensemble du izena talde berriak, eta, oraingoz, hari-instrumentuek osatzen badute ere, helburua da Oñatin orkestra sinfoniko bat sortzea. Domeka iluntzean du lehen emanaldia taldeak, Bidaurretako elizan, eta sarrerak salgai daude.

Aequus Ensemble taldea da Ganbara Faktoriaren kide berria. Orkestra proiektua da. Hari-instrumentuak jotzen dituen orkestra, oraingoz, baina urtebete barrua haize-instrumentuak sartzea da asmoa, taldea orkestra sinfoniko bihurtzeko.

Lau oñatiar taldean

Ganbarako abesbatzek kantatu izan dute orkestra batek lagunduta, baina orkestra hori egonkortu egin gura izan dute orain, horren beharra ikusita. Guztira, 26 pertsonak osatutakoa da, hari-instrumentuak jotzen dituzte eta Gipuzkoako eta Arabako musikariak dira. Eta tartean daude lau oñatiar: zuzendaria bera, Aitor Biain, eta hiru anai-arreba: Sara, Luis eta Maialen Txintxurreta. Hilean behin elkartzen dira elkarrekin entseatzeko. "Hau, baina, hasiera da. Gure asmoa da herriko musika eskolarekin lan egitea eta etorkizun batean musikari oñatiarrek orkestran jotzeko aukera izatea", azaldu du Biain zuzendariak. Gaineratu du datorren udaberrian kontzertu pedagogiko bat egiteko asmoa dutela, musika eskolako ikasle gaztetxoek orkestraren mundua barrutik ezagut dezaten.

Oñatin orkestra sinfoniko bat egotea da proiektu horren helburua eta horrek duen garrantzia azpimarratu gura izan du Aitor Biain zuzendariak: "Egun, hiriburuetara joaten gara orkestra sinfonikoen mailako kontzertuak entzutera, eta gero, Oñatin bertan eskainiko ditugu. Kulturari beste bultzada bat ematen dio horrek eta uste dut oso garrantzitsua dela hori herriarendako".

Domekan lehendabizikoa

Domekan, abenduak 4, egingo du lehen emanaldia Aequus Ensemble taldeak. "Mozarten eta Mendelssohnen piezak joko ditugu lehen zatian, adibidez. Bigarren zatia ilunagoa izango da eta horrek emango dio izena emanaldi honi: Ilunabarra", azaldu du Amaia Garro bakarlari arrasatearrak.

Garai askotariko doinuak joko dituzte: 50 minutuan, musika klasikotik garaikiderainoko saltoa egingo dute. Emanaldia Bidaurretako elizan da, 19:00etan, eta sarrerak Txokolateixan daude, bost eurotan. Streaming bidez eta Goiena telebistan ere emango dute.

Oñatin ez ezik kanpoan ere kontzertuak egitea da talde berri horren asmoa, eta baita, nola ez, herriko abesbatzekin batera ere. Datorren urtarrilaren 8an, adibidez, Hots abesbatzarekin batera egingo du emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak