Futbol zelai berria Betik-en eta atletismo pista Urrutxun egiteko proiektuak aurkeztu ditu Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko aza. 30a, 15:42

Betik enpresa egon den tokia, Azkoagain ondoan, gune aproposa ikusten du Oñatiko Udal Gobernuak etorkizuneko futbol zelaia egiteko. Goizean aurkeztu du proiektua, atletismo pistakoarekin batera. Atletismokoa Urrutxun kokatu du. 

Etorkizuneko kirol azpiegitura biren proiektuak aurkeztu ditu goizean Udal Gobernuak. Proposatu du atletismo pista –barruan beste kirol batzuetarako ekipamendua jartzeko aukerarekin– Urrutxun egitea eta futbol zelai berria Betik enpresa egon den tokian, Azkoagain ondoan –berria izango zen ofiziala eta Azkoagin erabilgarri izaten jarraituko luke–. Autobusendako zein autoendako aparkalekua izango luke, 3. mailan jokatzeko moduko futbol zelaia eta aldagelak. Zelai berritik Azkoagainera pasarela bat egingo litzateke errepide gainetik, aldagela berrietan aldatu eta oinez, errepidea gurutzatu barik, Azkoagainera heltzeko.

Futbol zelai berria egiteko proiektua egiteko, EAJ-k proposatuta eta EH Bilduk ondo ikusita, 15.000 euro zituen gordeta aurtengo aurrekontuen barruan Oñatiko Udalak. Girder enpresak egin du proiektua, eta lursailak beharko lituzkeen ezaugarriak identikatuta eta kontutan hartuta, hamar gune proposatu ditu. Horietatik hiruren alde egin dute eta hiru horiek aztertu. Hiruren artean, Betik enpresa dagoen espazioaren alde egin du Udal Gobernuak, aukerak eta kostuaren gutxieneko zenbatekoa kalkulatuta. Gaineratu du Aloña Mendirekin partekatu dituela aukera posibleak eta herriko kirol elkarteak ere horren alde egin duela.

Berria egungoaren ondoan egiteko proiektu horri, egun Lezesarri auzora egiten ari diren irisgarritasun proiektua eta ondoko bidegurutzean aurrez ere pentsatuta zegoen biribilgunea egitea gehituko zaizkio horrela eginez gero.

Proiektua landu duen enpresak Betik ondoko zuhaitz gunea aipatu zuen leku posibletzat hasieran, baina eraikinean industria aktibitaterik ez dagoenez –biltegi moduan erabiltzen da egun eraikina–, gune berde horretatik eraikitako edo garatutako espaziora ekarri dute proietkua.

Aztertutako beste bi guneen artean, San Martin ondokoa baztertu zuen lehenengo Udal Gobernuak, "beste erabilera batzuetarako izan daitekeelako espazio hori". Bestea Berezaokoa, EAJ-k kirol gunerako proposatutakoa. Hori, baina, "interes berezikotzat dago jasota HAPOan lehen sektorearendako", eta horrela jarraitzea gura du gobernu taldeak. Proiektua bera, baina, irudikatu dute eta zenbakiak atera ere bai: zortzi milioi pasa euroko kostua izango luke – 8.341.422 –Azkoagain ondokoak eta hamalau eta erdikoa    –14.542.068– Berezaokoak, gutxienez, bietan gehitu beharko liratekeelako lurjabetze gastuak, exekuzio proiektua eta zuzendaritza lanak; Berezaokoan, baita pasarela egitea ere. 

Proiektua egin dute eta gutxieneko kostua ere kalkulatu, baina noiz egingo duten ez dago oraindik zehaztuta. Hurrengo pausua da lantzen ari diren HAPOan kirol eremu izendatzea Betik egondako lekua, etorkizun batean kirol ekipamenduz betetzeko gune hori.

Atletismo pista, Urrutxun

Atletismo pista Urrutxun egitea jaso du Udal Gobernuak egindako proiektuak. 400 metroko luzerako lau tartan pista eta oinez eta patinekin ibiltzeko beste bana izango lituzke –txapelketetarako zortzi pista behar dira baina horrelakoa Arrasaten egonda, ez dute horren beharrik ikusten Oñatin– eta baita aldagelak ere.

Aurkezpenean azaldu dute pista horrekin batera futbol zelaia hor egitearen aukera ere egon izan dela inoiz baina Aloña Mendik berak ere ez duela gune hori egoki ikusten futbol zelairako "haize gunea" delako. Futbolerako zelaia ez, baina barruan bestelako erabilpen batzuk izango lituzke atletismo pista horrek, bizikletan ikasteko eta hasi berriendako pista esaterako, patin gainean ibiltzeko ere balioko lukeena –Aloña Mendiko txirrindularitza taldearekin ere hitz eginda–, "bike park" moduan ezagutzen den zirkuitua.

Atletismo pista horren kostua ia hiru milioi eurokoa litzateke –2.743.525 euro– eta asmoa da faseka egitea. Lehendabiziko fasean pista –1.265.263,80 euro– egingo litzateke, bigarrenean barruko ekipamendua eta hirugarrenean ingurua txukundu. 

Bi proiektuen artean, atletismo pista lehenago egitea aurreikusten du Udal Gobernuak, epe motzagoan egiteko moduan –futbol zelai berria epe luzerako–. Hori egiteko, baina, inguru dena zigilatu behar da. Pista egingo luketen tokiko zigilatze lanak eginda daude baina ingurukoak ez, eta eremu osoa zigilatu arte ezin dela hor ezer eraiki dio Ingurumen sailak eta hortaz, bigarren faseko lanak egingo dituzte lehendabizi. Bi milioi euroko aurrekontua dute lan horiek eta asmoa da datorren urtean egitea. Diruari buruz, gobernu taldeko ordezkariek esan dute kopuru horren zati baterako adina diru badagoela –ikusi behar gerakinetan zenbat gelditzen den– eta "falta dena lortzeko baikorrak" direla.

Xabier Igartua, Maite Anton eta Izaro Elorza, goizeko aurkezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak