Aplikazioa jaitsi eta hamabost bat minutuan bete ahal izan duten autodiagnosi txosten bat osatu dute aurkezpenera joandako herriko dendariek. "Negozioko area ezberdinetan zein puntutan zauden erakusten du autodiagnosi horrek, eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik edo azpitik zauden adierazten du. Datu horiekin, Aldundiak proposatzen dizkizu egiteko ekintza ezberdinak", azaldu du tresna hori ezartzeaz arduratzen den Sinnple enpresako Maria Rodriguezek. Esaterako, saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena eta produktuen trazabilitatea nola betetzen duten neurtuko dute tresna hori erabilita.
Abendura bitartean Gipuzkoako 200 komertziotara heldu gura dute, Gipuzkoa mailako argazki bat ateratzeko eta, ahulguneak eta indarguneak identifikatuta, laguntzak eskaintzeko. "Lau helburu proposatzen zaizkie eta norberak erabakitzen du zer egin dezakeen. Adibidez, energia berriztagarrian aurten negozioan barneratu edo aurrera eraman ahal duten edo ez. Aldundiak helburu horiek lortzen lagunduko die gero". Euren lanari balioa emateko eta egiten duten lan hori bezeroekin partekatzeko eta eurei eskaintzeko ere balioko diela ekimen honek gaineratu du Rodriguezek.
Herriko bederatzi komertzio
Eguazten arratsaldean egin zuten Dendatu ekimenaren aurkezpena, Santa Ana antzokian. Karmelo Guridi eta Unai Kortabarria Oñatiko Udaleko Sozioekonomiako batzordeburuak eta teknikariak, Enrique Ramos Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendariak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko eta Oñatiko merkataritzako ordezkariek hartu zuten parte, Sinnple enpresako kideaz gain. Herriko bederatzi komertzio egon ziren ekitaldian eta han bertan egin zuten autodiagnosia, behin aplikazioa jaitsita. Guztira, hemezortzi galdera erantzun zituzten, lau arlo desberdinetan banatuta. Herriko komertzioei laguntzearen alde agertu ziren guztiak.