Gaztainari aitortza egin gura dion eskultura

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko aza. 14a, 20:53

Eskultura, Eltzia aurreko berdegunean.

Gure Bazterrak taldearen proiektua da eta hilaren 23an inauguratuko dute. Eguaztenean, hilak 16, Joseba Ibargurengoitia –Euskal Herriko Hazien Sarea– eta Beñat Itoiz –Euskal Gaztain Etxea– izango dira kultura etxean hitzaldia egiten, 18:30ean.

Bertako zuhaitz motei balioa emateko eta biodibertsitatea ez galtzeko helburuen barruan, elementu eskultoriko bat aukeratu, sortu eta instalatzeko ideia kaleratu zuen Udalak urte hasieran, eta lehiaketa abiarazi. Gaztainari aitortza egiteko proposamena aurkeztu zuen Gure Bazterrak taldeak, eta, dirulaguntza eskuratuta, lanean ibili da udaberritik hona. Bukatzen ari dira eskultura, eta hilaren 23an erakutsiko dute. Horri lotuta, baina, hitzaldia eta irteera antolatu dituzte (Ekintzak agendan ikusgai).

Hiru bat metroko altuera

Haritzak eta pagoak izan duten moduan, gaztainak ere bere balioa izan duela erakutsi gura izan du Gure Bazterrak taldeak lan horrekin. "Egurra bera oso estimatua izan da, esaterako, saskiak egiteko zein lantzeko. Eta fruitua bera ere oinarrizkoa izan da, gizakiarendako zein ganaduarendako, baba, patata eta artoa etorri arte. Garai batean, Oñatin bertan hamar bat gaztaina klase egon ziren. Balio hori aitortu gura diogu, eta horrek bultzatuta aurkeztu genuen gaztainondoaren eskultura egiteko proposamen hau", dio Gure Bazterrak taldeko Unai Bikuñak. Eltzia aurreko zelaian jarriko dute; bukatzear dute. Hiru bat metro ditu altueran, eta jarlekua oinean. Artatxuetatik ekarri zuten enborra bera. Tokian bertan adar handienak kendu eta gero, garabi eta kamioi baten laguntzarekin kaleraino ekarri eta hor egin dizkiote gainerako prestaketak: barrua hustu, burdinarekin indartu, kanpoa bernizatu... Kanpoko eserlekuek izaten duten tratamendua ere eman diote. Laister taldeko artisauak ibili dira laguntzen, herritar gehiagoz gain. "Auzolanean egin dugula esan daiteke, herritar asko hurbildu zaizkigu laguntzera eta; igeltsero izandako erretiratuak tartean", dio Bikuñak. Iñaki Jauregialtzok egindako lau gaztaina-orri ditu apaingarri moduan, eta Itziar Ugartek orraztutako olerki bat ere bai. QRa jarriko dute, prozesuko argazkiak ikusteko.

Hareharriz egindako zazpi harlauzak osatzen dute oineko jarlekua, tamaina askotariko harriek eutsita; hortik aterako dira barrura sartutako euri-urak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak