Soziolinguistika Klusterrak iazko irailaren 18tik urriaren 17ra egindako behaketaren emaitzek erakusten dute 2011 ezkero euskararen erabilera igo egin dela Oñatiko kaleetan. Datu orokorrak, beraz, goranzko joera erakusten du. "Azken hamar urte hauetan hiru aldiz egin da kale neurketa Oñatiko kaleetan. 2011tik 2016ra igoera bat ikusi zen eta 2016tik 2021era ere bai. Beraz, tendentzia orokor baten aurrean gaudela esan daiteke. Ea eusten zaion", adierazi du eguazten iluntzean egindako aurkezpenean Maialen Iñarrak, Soziolinguistika Klusterreko kideak.
Hilabeteko epean 1.300 elkarrizketa behatu zituzten. Guztira, 4.000 solaskide. Profilaren arabera, adinka banatu zituzten herritarrak. Eta datuek esaten dute zenbat eta gazteago orduan eta handiagoa dela erabilera. Bestalde, haurrek eta gazteek gehiago egiten dute euskaraz adin berekoen arteko elkarrizketetan beste adinetakoekin baino. Beste herri batzuetan ez moduan, gizonezko oñatiarrek gehiago egiten dute euskaraz kalean emakumezkoek baino.
Gizonek gehiago
Oñatiko behaketak emandako beste datu batzuek erakusten dute haurren ia %90ek euskaraz egiten dutela kalean. Nahiz eta datu hori zertxobait jaitsi den azken behaketarekin alderatuta. Era berean, haurren presentziak euskararen aldeko eragina du nagusiengan. Beste datu aipagarri bat da oñatiarren euskararen erabilera handiagoa dela kalean etxean baino. San Lorentzon, Olakuan, herrigunean eta Errekalden egin dituzte neurketak, eta, ibilbideari lotuta ere, erabilera guztietan igo dela ondorioztatu dute, datuak irakurrita. Oñatiko datua Gipuzkoakoren eta Debagoienekoaren oso gainetik dago: Gipuzkoan %30,6k egiten du euskaraz kalean eta Debagoienean, %42,6k.
Aurrera begirako erronkak zeintzuk izan daitezkeen ere aipatu zituzten datuen aurkezpenean; haurren eta gazteen joeretan arreta jartzea, besteak beste.