Bi egunez Arantzazun unibertsitateen eta mugimendu sozialen arteko harremanak lantzen

Txomin Madina Milikua 2022ko urr. 16a, 19:40

Jatorri eta jarduera ezberdinetako 40 pertsona elkartu dira asteburuan Arantzazuko Gandiaga Topagunean egin duten Mugimendu Sozialen Unibertsitate Herrikoiaren baitan egin duten topaketan. Unibertsitateen eta mugimendu sozialen arteko elkarlana nola garatu izan dute bertan hizpide.

Emaus Fundazioak, Unibertsitate Kritikoa Sareak eta EHUk antolatuta, eta UPMSren  –Mugimendu Sozialen Unibertsitate Herrikoia– gidalerroak jarraituz, mugimendu sozialen eta unibertsitateen arteko harremanak eta elkarlana izan dituzte hizpide atzo eta gaur Arantzazun.

UPMS metodologia jarraituz, jarduera anitzetan aritzen diren 40 lagun elkartu dira horretarako, Emaus Fundazioaren hezkuntza taldeko koordinatzaile Alberto Gastonek azaldu bezala: “Herena alor akademikotik etorri da; beste herena, eragile sozialetatik eta GKE-etatik; eta azken herena, kultura munduko eragileak izan dira”. Brasil, Portugal, Peru, Valentzia, Bartzelona, Madril, Euskal Herria… Parte-hartzaileen jatorria ere askotarikoa izan da. Horren balioa azpimarratu du Gastonek: “Aniztasuna islatu egin behar da; ahots ezberdinak entzun”.

Arantzazun izan da baita ere Boaventura de Sousa Santos, 2003an Mugimendu Sozialen Unibertsitate Herrikoia sustatu zuen Zuzenbide Soziologian katedradun entzutetsua. “Unibertsitateen eta mugimendu sozialen artean distantzia handia zegoela ikusi nuen. Eta erakunde sozialen euren arteko ezagutza falta ere handia zela. Horregatik, pentsatu nuen aproposa izan zitekeela bi egun iraungo zuten tailerrak egitea, zeinetan, elkar ezagutzeko,  elkarrizketak garatu eta partekatu zitezkeen. Mugimendu Sozialen  Unibertsitate Herrikoia ez da erakunde instituzional bat, eskolekin-eta; Arantzazun egin dena da, sareak sortzeko bi egunetako elkarbizitza bat”.

Boaventura de Sousa, Arantzazun.

Boaventura de Sousa Santos, Arantzazun.

Askotariko dinamikak egin dituzte bi egunetan zehar Arantzazun: “sakon hitz egin dugu, baina antzerkia ere egin. Dugu, edo dantza… Modu horretara barruan dugun jakintza ateratzeaz gain, sentimenduak ere atera ditugu”, azaldu du Alberto Gastonek.

Bi eguneko lanaren balorazioa

UPMS metodologia jarraituta Euskal Herrian egin duten lehen topaketa izan da Arantzazukoa, eta Gastonek balorazio positiboa egin du: “Jendeak izugarri hartu du parte. Ondorioei dagokienez, esan dezakegu jorratu dugun gaian, unibertsitateen eta gizarte mugimenduen arteko harremanetan eta elkarlanean, oraindik ere  lana dagoela egiteko,  eta lehen eginbeharra, elkar ezagutzea dela. Hori lortu dugu Arantzazuko topaketarekin”.  

Peruko San Marcos Unibertsitateko Ela Perez izan da topaketako parte-hartzaileetako bat, eta bera ere gustura agertu da ekimenarekin: “Oso ondo joan da, pozgarria izan da etorri eta parte hartu izana. Gauzak saretzen joateko aukera izan da, baita elkarren estutasunak, proposamenak, utopiak ezagutzekoa ere”.

Askotariko dinamikak egin dituzte Arantzazun.

Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen sortzaileetako bat izan zen heinean Oñati eta Arantzazu ondo ezagutzen dituen Boaventura de Sousak bestalde, nabarmendu du Arantzazuk ezaugarri aproposak dituela era horretako lanketak egiteko, eta egin diren dinamikak ere begi onez ikusi ditu: “Nahiko sakondu da mugimendu sozialen elkar ezagutzaren inguruan”. Mugimendu sozialak unibertsitateekin artikulatzeari buruz, esan du “hezkuntza pribatizatu eta negozio bihurtzeko mugimenduaren” aurrean hezkuntza “ondasun amankomuna” dela eta unibertsitate publikoak “funtsezkoak” direla artikulazio horretarako. Horren defentsan irakasleek egiten duten  borroka ere nabarmendu du. “Gure ezagutzak ez ditu patenteak sortzen, erantzukizun soziala baizik. Hori ikusi dugu hemen EHUko irakasleen artean. Pozten naiz motibatua ikustea”, adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak