Urbiako fondako ateak irekitzeko prestaketa lanetan

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko uzt. 20a, 17:37

Hogeita bost urte pasa ondoren, Urbiako fondak kudeatzaile berriak izango ditu. San Inazio egunerako ateak irekita izango dituzte eta horretarako prestaketa lanetan dihardute egunotan Peio Bilbao eta Naiara Romatete elgetarrek.

Urbiako fonda 1999tik kudeatzen zuen lantaldeak maiatzean erabaki zuen ateak ixtea, eta, hilabeteetako prozesuaren ostean, aukeratu dituzte gidari berriak. Aste honetan jakinarazi dute Elgetako bikote batek –Peio Bilbao eta Naiara Romatet– San Inazio eguna baino lehen zabalduko duela fonda.

Peio Bilbaok kontatu du Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak egindako deialdia ikusi eta izena ematea erabaki zutela: "Bertara, Urbiara, etorri ginen negozioa gertutik ezagutzera". Behin aukeratuak izan zirela jakindakoan, berria "ilusioz" hartu zutela azaldu du: "Gogo handiarekin gaude; lorik ere egin gabe. Oso gustura". Bestetik, inguruko lagun, senide eta ezagunek ere pozik erreakzionatu dutela esan dute.

Datorren astean zabaltzea da bikotearen asmoa: "Denboraz estu samar gabiltza, baina emango du astia dena prestatzeko (...) Astelehenak salbu, egunero egongo da irekita Santu Guztien Egunera arte. Hortik aurrera, asteburuetan bakarrik".

50 hautagairen artean

Altube eta Altzelai sendietako kideek maiatzean itxi zituzten fondako ateak. Gerora adierazi zuten osasun arazoen ondorioz hartutako erabakia zela; hots, ez zela aldi baterakoa eta fondaren kudeaketarako beste lantalde bat beharko zela. Hala, deialdia egin zuen Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak, eta establezimenduaren kudeaketarekin jarraitzeko interesa zutenek Segurako Udalera jo zuten. Guztira, 50 bat lagun aurkeztu ziren fonda hartzeko.

Orain arte fondaz arduratu den Aritz Altubek azaldu du haiek 50 urtetarako esleipena dutela eta deialdia partzuergoak zabaldu duen arren haiek egin dutela lantalde berriaren aukeraketa: "Partzuergoak datuak bidaltzeko eskatu zien interesdunei, eta, ondoren, guri bidali dizkigu. Geu jarri gara harremanetan izena eman duten guztiekin; azalpenak eman, eta apurka-apurka joan gara aukeraketa egiten".

Altubek adierazi du, bidean, izena eman zuten askok "albo batera" utzi zutela asmoa: "Hona etorri eta argi ikusi zuten ez zela haiek pentsatzen zutena. Beste batzuek, baina, aurrera egin dute. Azkenik, Elgetakoak izan dira aukeratutakoak; haiek erakutsi dute gogo gehien eta aurrera egiteko asmo irmoena".

Peio Bilbao bera ere jakitun da fondak eskatzen duen "esfortzua" ez dela edozeinendako: "Jende asko egon da prest, baina baldintza gogorrak ditu. Materiala eta bitartekoak behar dira hona iristeko".

Erronkari heltzeko laguntza

Erreleboa eman diete altubetarrek eta altzelaitarrek Bilbaori eta Romateti. Bi aldeek dakite fonda kudeatzea ez dela beste edozein ostalaritza establezimendu eramatea bezala, eta "hasierako pausoak" elkarrekin ematea adostu dute. "Etapa berrian laguntzeko prest gaude. Guk dakigun guztia erakutsiko diegu, gure esperientzia partekatu eta erraztasun guztiak eman. Ahalik eta ondoen bideratuta utzi nahi dugu fonda", azaldu du Altubek.

Gomendio bat ere eman die Altubek arduradun berriei: "Hemen, lana dagoenean, buru-belarri egin behar da –gero ez baitakizu noiz egongo den aukera–, eta, era berean, eta deskantsatu ahal denean, ondo hartu behar da atseden. Biak dira ezinbestekoak".

25 urterako esleipena dute Bilbaok eta Romatetek, eta onartu dute muga goian utzi dutela aurreko maizterrek: "Ez da erronka makala honi jarraipena ematea, baina uste dugu aurrera egingo dugula".

Berrikuntzekin datoz

Elgetarrek aurreratu dute fondaren funtzionamendua lehengoaren antzekoa izango dela: "Hemen beti egongo da jatekoa eta edatekoa, lehen bezala. Alde horretatik, lasai etor daiteke jendea". Halere, berrikuntza bat ere gehituko dute: haien baserriko txerrien produktuak sal- duko dituzte. Bilbaok duela hiru urte erosi zuen baserria eta txerri-haztegia du Elgetan.

Arantzazukoak ere, pozik

Arantzazuko Sindika eta Goiko Benta ostatuetan ere sumatu dute fonda itxita egon dela azken hiru hilabeteetan, eta pozik hartu dute aste honetako berria. Sindikako Pili Otxoak azaldu du "jende gutxiago" igo dela Urbiara azken boladan, eta uste du fonda itxita egoteak izan duela eragina; baita bero-boladek ere. "Urbiara jendea joaten bada, jaisterakoan gurean geratzen dira (...) Arantzazu zaila da eramateko, baina Urbia gehiago. Ea ondo moldatzen diren!", animatu ditu.

Goiko Bentako Miren Maiztegik ere antzera jardun du: "Zorte ona opa diet. Arantzazurako oso berri ona da; izan ere, domeka batzuetan asko igarri dugu mendizale gutxi zebiltzala (...) Tradizio handiko egunak datoz abuztuan, eta poztekoa da fonda zabalik izatea".

Altubek eta Bilbaok ere badakite egun garrantzitsuak datozela berehala; adibidez, San Inazio eguna, datorren asteko domeka. "Momentu ona da zabaltzeko. Jende asko etortzea espero dugu hilaren 31an", esan du Bilbaok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak