Tabernetako terrazak jartzeko irizpide berriak onartu ditu udalbatzak

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko uzt. 1a, 12:16

Pandemia garaiko establezimenduen terrazen baimenak bertan behera daude dagoeneko eta gaurtik aurrera eskaera berriak egin ahal izango dituzte tabernariek, euren terrazak jartzeko irizpide berriak onartu baitituzte atzo egindako ohiko osoko bilkuran.

Oñatin atzo egin zuten ohiko osoko bilkuran 1992koa den ostalaritzako terrazen ordenantzari puntu gehigarri batzuk sartzea onartu zuten aho batez. Pandemia garaian hartu ziren terrazak handitzeko baimenak bertan behera dira dagoeneko eta atzo hartutako neurriekin ostalari guztiekin berdin jokatzea nahi dute, neurriak denendako berdinak izan daitezen. Gaurtik aurrera, tabernari bakoitzak berriz egin beharko du eskaera zer nolako terraza gura duen adierazteko.

Izan ere, udal ordezkariek adierazi zuten gaur egun pandemiaren ondorioz terrazen erabilera "handitu" egin dela eta terrazak "gehiago" erabiltzen direla, baina horrek ere "muga" batzuk behar dituela eta gura izan dutena da hori guztia arautzea. Horretarako, hainbat neurri zehaztu dituzte. Hauek azpimarratu ditu Oñatiko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeburu Xabier Igartuak: "Tartean sartu ditugun irizpideak dira taberna batetik zein distantziataraino eskatu ahalko den terraza jartzeko baimena; oinezkoek zein lehentasun izan behar duten, espazio publiko bati buruz gabiltzanez, oinezkoek euren bidea libre izan behar dute; eta terrazak irekitzeko ordua ere mugatu dugu, orain arteko ordenantzak jaso gabe zeukan eta ez zegoen ordutegirik terrazak ateratzeko, orain zehaztu duguna da 08:00ak baino lehenago ezin izango dituztela atera".

Aurreratu dute, etorkizunean ordenantza berri bat atera beharko dutela, orain dagoena “zaharra” delako, baina ordenantzek bere denbora eramaten dute eta uste izan dute berria izan arte, gaia nolabait arautu beharra zutela.

Azkenengo egunetan ostalariekin banan-banan biltzen ari dira aipatutako irizpideak osoko bilkuran onartuko zirela aurreratuz eta horiek bete beharko dituztela jakinaraziz.

Udaletik garrantzitsu ikusi dute irizpide berri horiek zehaztea: "Alde batetik, terrazak ostalariak eta herritarrak gustura egoten diren espazio bat direlako, baina ulertu behar dugu baita horrek herritarrengan sortzen duela batzuetan arazo batzuk; izan mugikortasunari lotutakoak, kaleak estutu egiten direlako eta inguruan bizi diren bizilagunekin ere. Orduan, horretara bideratuta doa, erregulatuta egoteko", adierazi du Igartuak.

Orain establezimenduak mugatu beharko dira lehendik zituzten baimendutako espazioetara edota espazio gehiagoren beharra badute, eskatu egin beharko dute.

Araozko ostatua

Bestetik, atzoko osoko bilkuran onartu zuten baita ere Araozko ostatua nork kudeatuko duen. Eskatzaile bakarra izan da eta Itziar Mondragoni esleitu diote ardura hori bost urterako, nahiz eta, beste bost urtez luzatzeko aukera izango duen. 1.550 eurotako kuota ordainduko du hilero eta asmoa da abuzturako zabalik izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak