Aparkaleku urdinekiko errespetua aldarrikatu du Trautik

Mireia Bikuña 2022ko eka. 25a, 14:10

Elkartearen hamargarren urteurreneko eskakizun nagusia izan da hori. Hortaz, erdiguneko hainbat aparkaleku urdinetan Jarri nire azalean, ez nire tokian testua duten kartelak ipini dituzte. "Aparkaleku urdinak behar bereziak ditugunondako dira. Errespetatu egin behar dira", esan dute Oñatiko Foruen plazan. Sentsibilizazio kanpainaren baitan, eskuorriak banatu dituzte herritarren artean.

Trauti elkarteko kideak kalera irten dira gaur, zapatua. Taldearen hamargarren urteurrenaren aitzakian, berriro ipini dute informazio mahaia Foruen plazan. Sentsibilizazio eguna ospatu dute, bi aldarrikapen nagusirekin: aparkaleku urdinekiko errespetua eta osasun zentroan sartzeko irisgarritasuna hobetzea eskatu.

Lehen aldarrikapenari ikusgarritasuna emateko, erdiguneko hainbat tokitan dauden aparkaleku urdinetan (Portu kalen, Aita Madinan eta kiroldegian) Jarri nire azalean, ez nire tokian testua duten kartelak ipini dituzte. "Herritarrek edozer gauza egiteko lagatzen dute autoa aparkaleku horietan. Baina, une horretan, txartelaren jabe den edonork behar badu, ezin du autoa aparkatu. Leku horiek zabalagoak dira, autoan sartzeko eta irtetzeko espazioa behar dugulako. Ez da kapritxo bat. Behar bat da", esan du Mikel Etxezarretak.

Era berean, osasun zentrora sartzeko dauden bi sarrerak, mugikortasun arazoak dituztenendako, oso erosoak ez direla salatu dute. "Batek, eskailerak ditu, eta bestea, aldapan behera dago. Eskatzen dugu kalearen mailan dagoen sarbide bat".

Ekintzak, bertan behera

Pandemiaren baimenarekin, Trautik urtero egin izan duen sentsibilizazio egunean, informazio banatzeaz gain, hainbat ekintza egin izan dituzte, herritarrak egoera berezietan ipintzeko. Besteak beste, mugikortasun arazoen simulazio ibilbideak, itsuen makilak eta gorren egoeran. Bada, oraingoan, eguraldia baldintzatuta ez dituzte halakoak egin.

Joellette aulkiaren ikastaroa

Udaletxeko arkupetan ipini duten informazio gunean, Joellette aulkia ikusteko aukera egon da. Bi errubera bakarrik dituen aulki horrekin, eta aurretik hainbat lagunek bultzatuta, mugak apurtu, eta edozein lekura joateko aukera dago. Adibidez, mendira. Bada, aulki berezi horren erabilera nolakoa den ikusteko, ikastaroa egingo dute uztailaren 2an.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak