Erreplika bila ari den "lurrikara"

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 10a, 09:27

Eztandak dardara gaitzala! lelopean, Euskal Herriko Bilgune Feministak 20. urteurrena ospatuko du asteburuan Oñatin. 800 lagun inguru espero dituzte, eta egitarau oparoa prestatu dute "jaia, hausnarketak, gozamena eta borroka" uztartzeko.

Duela 20 urte abiatu zuen ibilbidea Euskal Herriko Bilgune Feministak, eta, orain arte egindako bidea "ospatzeko", Oñatin elkartuko dira ehunka lagun asteburuan.

Alazne Beltran de Lubiano Riaño kideak azaldu du azken urteetan erakundearen eta mugimendu feministaren parte izan direnekin elkartzeko helburuarekin antolatu dutela Topagune Feminista: "Gure sarean daudenekin elkartzeko gogoz gaude. Gainera, azken bi urteetan apur bat dispertsatuta egon gara, eta horrek ere bizitu du gogo hori".

"Ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko topatuko gara. Egitarau betea osatu dugu, gaur egun ezinbestekoak diren hainbat gai lantzeko eta Euskal Herriko eragile ezberdinekin batera ekiteko", gehitu du Bilgune Feministak Topagunearen inguruan kaleratu duen oharrean.

Asteburu osorako egitaraua

Bi eguneko egitaraua antolatu dute, eta Oñatiko frontoia izango da gune nagusia: "Eskaintza askotarikoa da: zapatuan, egunean zehar, Bilgune Feministak landutako hainbat gairi helduko diegu –formatu ugaritan–; gaua parranda eta gozamenerako espazioa izango da; eta domekan, aisialdi eskaintza egongo da, eta baita herri bazkaria ere, elikadura burujabetzaren aldeko aldarria egiteko".

Egitarauari zehatzago erreparatuta, Topagune Feministari hasiera emateko, 11:00etan, "kokapena" egingo dutela aurreratu dute: "Denontzako plaza bat sortzea nahi dugu, eta bertan Bilgune Feministaren proiektu politikoa kokatzea". Ondoren, bazkaltzeko aukera izango da –nork berea eramanda edo "taberna laguntzaileetara" jota–.

Zapatu arratsaldea, berriz, askotariko mahai-inguru, tailer, saio eta emanaldiek hartuko dute. 17:00etatik 19:30era bitartean izango dira –bakoitzaren gaineko azalpena eta ordutegia, bilgunefeminista.eus-en–.

Beltran de Lubianok adierazi duenez, " mahai-ingurua" izango da zaintzaren gainekoa: "Mugimendu feministan dagoen eztabaida gaia da euskal zaintza sistema publiko komunitarioarena, eta horren inguruan jardungo dugu askotariko ikuspegietatik. Halaber, datozen hilabeteetan ere landuko dugu zaintzaren gaia, eta interesgarria iruditzen zaigu gure sareko kideak mahai-ingurura gonbidatzea".

Bestetik, Elene Lopetegi Olea kideak gehitu du "nabarmentzekoa" izango dela Zis heteroaraua desobeditu izeneko mahai-ingurua ere: "Gaia denon ahotan dago –erakundeetara ere iritsi da dagoeneko– eta, gure iritziz, mugimendu feministatik ere arduraz heldu behar diogu horri. Subjektuaren gaineko eztabaidan aritu gara azken urteetan, eta bide horri jarraitzea dagokigu hemendik aurrera ere".

Azaldu dute arratsaldeko ekintzetan parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango sarrera erosita izatea, eta edukiera bete ahala parte hartu ahalko dela.

Iluntzean, ekitaldi nagusiaren txanda izango da, eta gauean, kontzertuak izango dira frontoiko karpako oholtzan. Urteurreneko abestia sortu duen Ginger talde zarauztarra, Madrilgo IRA rap laukotea, Argentinako Chocolate Remix reggaeton bakarlaria eta DJ Miau dira protagonistak. "Elkarrekin gozatu ahal izateko espazio seguruak sortzeko premia genuen", diote bi kideek. "Gunea mugatuta egongo da; sarrera dutenentzako bakarrik da", ohartarazi dute.

Lo egiteko, ostera, kiroldegia eta furgonetentzako aparkalekua jarri dituzte eskura. Domeka goizean, Nomadak Gaittun izeneko azoka egongo da: "Dinagu elkartearekin batera antolatutako emakume sortzaile eta artisauen azoka da". Eta eguerdi aldera, aisialdirako tartea ere izango da, besteak beste, marianitada-rekin. "Ondoren, inguruko elikadura taldeekin batera egindako herri bazkarian elkartu, eta Anari musikariaren kontzertuarekin emango diogu amaiera topaguneari", azaldu dute.

Debagoiendarren parte-hartzea

Topagune Feministako egitarauan, Debagoieneko Antzerki Plataformak eta Patata soziala podcasta egiten duten oñatiarrek hartuko dute parte.

Bestetik, antolatzaileek urteurrena Oñatin ospatzearen zergatiak azaldu dituzte: "Azpiegitura handiak dituen herria da, eta erraztasun asko eman dizkigute Topagunea bertan antolatzeko. Horrez gain, uste dugu Euskal Herriaren erdigunean kokatuta egotea abantaila dela".

Elene Lopetegik, berriz, gehitu du horrelako ekimen batek "arrastoa" uzten duela herrian eta inguruan: "Oñatiko eta Debagoieneko mugimendu feministari bultzada eman nahi diogu, eta, ahal den heinean, ekarpena egin".

Saretzen jarraitzeko ahalegina

Sarean antolatzen den antolakunde nazional gisa definitzen du Lopetegik Bilgune Feminista; "esparru ugarietako emakume asko" eta "askotarikoen hausnarketatik" sortutako egitasmo, gisa."Herria feminismotik eraikitzeko helburua dugu, eta mugimendu feministan parte hartzea bilatzen dugu, alor desberdinetan", gehitu du. Azken urteetako greba feministak, Martxoaren 8ko mobilizazio jendetsuak eta mugimendu feministaren bilakaera "inflexio puntu" izan direla azaldu dute Beltran de Lubianok eta Lopetegik, eta horiek baliatuz Bilgune Feministako kideek "sare handia" ehundu dutela: "Antolatuta gauden herrietan –nahiz antolatuta ez gaudenetan– gure proiektu politikoa zabaltzen jardun dugu; aurkezpenak egin ditugu. Eta hemendik aurrera ere, horixe izango da Bilgune Feministaren helburuetako bat: leku gehiagotan antolatuta egotea eta mugimendu feministako talde eta norbanakoekin aliantzak eraikitzen jarraitzea".

Lurrikara, erreplika bila

Topagunera bueltatuta, Eztandak dardara gaitzala! leloaz ere aritu dira Bilgune Feministako kideak. "20 urte egin ditugu, eta feminismotik eztanda egiten jardun dugu urte hauetan", azaldu du Elene Lopetegi kideak. "Eztandek, lurrikarek, beti sortzen dituzte erreplikak, eta hori da, hain zuzen ere, nahi duguna: eztandak jendartea mugiaraztea. Antolatu gaitezen, borroka egin dezagun; baita oraindik eztandaz ohartu ez dena ere!", jarraitu du.

Mezu bertsua helarazten du Topagunerako beren beregi egindako Paradisuak sutan abestiak ere: Paradisuak sutan, ke-errautsak eskutan, eztandak dardara gaitzala! (...) Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko. Beldur bat biluztu du eztandak kean, ametsak herri egin gintuenean, plazeraren lubaki den Bilgunean, berjabetzean, erretzean. Dardara gara erreplikan. Maddi Gallastegi, Jone Azkoaga, Nerea Altxu, Andrea Lopetegi, Miren Narbaiza eta Miren Aranguren dira kantuaren egileak.

Hain zuzen ere, azpimarratu nahi izan dute horixe dela topaketen beste asmoetako bat: Topagune Feministak eskualdean eta Euskal Herri osoan "arrastoa" uztea. "Bilgune Feministaren barne giharra indartu nahi dugu, eztabaidan eta hausnartzen jarraitu –eta horretarako espazioak sortu", adierazi du Beltran de Lubianok. "Helburu nagusia burujabetza feministarako trantsizio hori eragitea da", gehitu du Lopetegik. Eta biek azaldu dute "burujabetza feminista" dela Topagune Feministaren "ildo nagusia" ere.

800 elkartzeko aurreikuspena

Oraindik ez dakite zenbat sarrera saldu diren zehazki, baina, egin dituzten aurreikuspenen arabera, 800 lagun inguru elkartzea aurreikusten dute Bilgune Feministako kideek. Horri lotuta, tiketak erosteko aukera dagoela gogorarazi dute: "Online eta Euskal Herriko hainbat txokotan daude eskuragarri, 40 euroren truke. Prezio merkatua ere badago aukeran (35 euro), eta furgoneten aparkalekuan tokia gordetzeko bonua ere erosi daiteke (5 euro)". Oñatiko Arrano Tabernan eros dai- tezke sarrerak.

Erlazionatuak

Dardarak eztanda egin du Oñatin

Eneko Azurmendi Barrena 2022 eka 11 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak