2021eko apirilaren 22an zendu zen Aizarnazabalen Juan Carlos Irizar musikari eta konpositore oñatiarra. Ordutik, hainbat omenaldi egin dizkiote: azaroan Oñatin eta apirilean Donostian, besteak beste. Bere figura ardatz hartuta osatu zuten Amigos para siempre dokumentala ere aurkeztu zuten lehen urteurrenean.
Bada, maiatzaren 15ean beste omenaldi kontzertu bat egin zioten Galdakaon. Irizarren izarrak izena jarrita, oñatiarrarentzat Bizkaian egindako ibilian esanguratsuenak izan ziren doinuak taularatu zituzten Da Capo Galdakaoko Musika Bandak, Ad Libitum Galdakaoko Txistu Bandak eta Maximo Moreno Musika Eskolako Abesbatzak.
'Irizar eta Galdakao'
Pieza eta pieza artean, Galdakaoko Udalak eta Geuria toki komunikabideak elkarlanean ekoitzitako dokumental laburra ere aurkeztu zuten joan zen domekako kontzertuan. Irizar eta Galdakao izenburupean, musikariak Hego Uribeko herrian utzitako arrastoa ekartzen dute gogora, gertuko izan zituen hainbat kideren adierazpenekin. Hona ikus-entzunezko osoa.