Donostiako Aquariumeko auditorioa Juan Carlos Irizar oñatiarraren senide, lagun eta ingurukoen topaleku bihurtu zen atzo, pianista eta musikari emankorra izan zena hil eta urtebetera. Urteurrenaren harira omenaldia egin gura izan zioten, eta Bere figura ardatz hartuta egin duten Amigos para siempre dokumentala ere aurkeztu zuten
Hainbat lagunek hartu zuten hitza ekitaldian zehar. Donostiako Aquariumeko zuzendari Esther Irigarayk oñatiarrak erakundearekin zuen harremana “berezia” nabarmendu zuen, eta Xabier Lasagak, zituen doai musikal eta pertsonalak.
Lagunen eta familiakoen testigantzekin osatuta
Irizarrekin urtetako harremana izan zuen eta Amigos para siempre dokumentala zuzendu duen Laboral Kutxako Arantxa Olaizolak, bere aldetik, musikagilearen “sentsibilitatea eta gizarte sozialen aurrean laguntzeko zuen prestutasuna” azpimarratu zituen, baita egin duten 50 minutu inguruko ikus-entzunezkoaren xehetasunak azaldu ere. Bere lagunen eta familiakoen testigantzaz baliatuz oñatiarraren giza alderdi eta baloreak goraipatzen dira dokumentalean, besteak beste mendiarekiko eta txirrindularitzarekiko zuen zaletasuna ere agerian utziz.
Ekitaldiko une hunkigarriena Juan Carlos Irizarren alargun Itziar Aizpuruak hitza hartu zuenean etorri zen. Eskerrik eman zizkien bertaratu ziren guztiei, eta gogora ekarri zuen Irizarrek esaten zuela sortutako familia zela bizitzan harro egoteko zuen arrazoietako bat. Musikari oñatiarraren lau seme-alabek ere ez zuten hutsik egin atzoko ekitaldian.