EH Bilduk herri proiektua osatzeko lan-dinamika aurkeztu du

Maider Arregi 2022ko mai. 14a, 14:29

Desberdinen arteko elkarlanaren bidez, "herri aurrerakoiagoa, parekideagoa, jasangarriagoa eta biziagoa" dela Oñati adierazi du EH Bilduk eguerdian egindako agerraldian. "Guztion amentsak egia bihurtzen eta, inor alboan utzi gabe, herri hau ezkerretik eraikitzen jardun dugu azken hamarkadan, eta lanean segitzeko herri dinamika zabala jarriko dugu martxan".

Oñatiarrekin erein dutela bidea nabarmendu du EH BIlduk: "Guztiontzako herri bat eraikitzeko bidean urrats esanguratsuak eman ditugu, besteak beste, zerbitzu publikoak indartu eta herritar guztien eskura jarrita; oñatiarren kontzientziak astindu ditugu egungo gizarteak eta munduak planteatzen dizkiguten erronken aurrean; eta garapen eredu justu eta jasangarriago bat posible dela erakutsi dugu".

Herri dinamika

Datozen hilabeteetan herri dinamika zabala jarriko dutela martxan jakinarazi dute: "Arloz arloko lan-taldeak eratu, eta lehenik eta behin azken urteetako lanaz egiten dugun balantzea haiekin partekatu eta balorazio bat egiteari ekingo diogu. Horren ostean, herriaren
egoeraren diagnostiko bat egiteko unea etorriko da, behar zein erronka nagusiak identifikatzeko. Azkenik, identifikaturiko beharrizanei erantzuteko herri proiektu sendo bat eraikitzea egokituko zaigu, duela lau urte diseinatu genuena osatu eta aberastuko duena".

Urtebete barru izango diren udal-hauteskundeei erantzuteko herri programa eta hautagai zerrenda ere prozesu horretatik aterako dela esan dute. "Dinamika hau, ordea, ez da hauteskunde ziklora mugatzen. Lan egiteko eta politikan jarduteko modu berri bat sustatu nahi dugu, herritarrekiko etengabeko harremanean oinarrituta. Agerraldi hau aprobetxatzen dugu herritarrak animatzeko egingo ditugun deialdietan parte hartzera eta beraien ekarpena egitera, desberdinen arteko elkarlanaren bidez soilik lortuko dugulako aurrera egiten jarraitzea".

Prozesuaren lan-taldea

Politika sozialak: Iratxe Barruso eta Marilo Unzurrunzaga

Sozioekonomia: Ander Zarketa eta Leire Astigarraga

Lurralde antolaketa: Lierni Altube eta Aitzol Gandiaga

Kirola: Josune Odriozola eta Nerea Uriarte

Kultura eta euskara: Asier Ugarte

Hezkuntza: Asier Lauzirika

Berdintasuna: Irati Lete eta Alix Barbero

Gazteria: Amaiur Olalde

Komunikazioa: Irati Goitia

Koordinazioa: Igor Tomé

Udal ordezkariak: Xabier Igartua eta Izaro Elorza

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak