Itziar Ugarteren liburuak, Espainiako Kritikaren Saria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko api. 12a, 13:18

Itziar Ugarte Irizar, Oñatiko kazetaria eta idazlea. (Argazkia: Mikele Landa Eiguren)

Oñatiarraren Gu gabe ere poema liburua eta Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza eleberria saritu ditu Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak; gazteleraz, katalanez, galegoz eta euskaraz iaz argitaratutako lanen aitortza egitea du helburu.

Euskarazko lanen artetik, Itziar Ugarte Irizarren estreinako poema liburuak eta Kirmen Uriberen azken eleberriak jaso dute Espainiako kritikarien aitortza. Bi liburuak Susa argitaletxeak argitaratu zituen, iaz.

Sorpresa "itzela"

Korrikaren aitzakian asteburu-pasa Baionarako bidean abiatzear zela jaso zuen Oñatiko idazleak eta kazetariak Jon Kortazar kazetariaren sorpresazko deia. "Prentsaurrekoa eman berri zutela esan zidan, eta saritutako lanen artean nire poema liburua zegoela. Asko eskertu nion aitortza hori, eta hortik aurrera nahiko surrealista izan da asteburua, jai giroan murgilduta, baina, aldi berean, mugikorra bizi-bizi, eta jasotako albistea burura etorri eta joan ibili nintzen eta", dio Ugartek.

Albistea irensten joan zen, poliki-poliki, eta eskertuta dago jasotako aitortzarekin eta, are gehiago, ondoren jaso duen mezu zaparradarekin. "Liburuarentzako bultzada bat izango da, duda barik, sari edo aitortza hori, eta niretzako ikaragarria da jasotzen ari naizen zoriontzeko mezu eta dei mordoa. Saria emateko argumenturik ez zidan eman Kortazarrek, hark ere liburua oso gustura irakurri zuela baino ez. Dei txiki batetik, bat-batean, dantza potolo bilakatu da hau guztia. Hasieran, ez nuen ondo jakin sariari neurria hartzen, baina konturatu naiz Espainiatik etorritako saria denez euskal hedabideetatik harago doala sariaren oihartzuna, eta poztekoa da hori".

Zuzeneko saioak prestatzen

Garai bat kontatzeko nahia, oroitzapenak eta deskubrimendu berriak dira, besteak beste, Gu gabe ere liburuan oñatiarrak batu dituen poemen abiapuntua eta gaiak. "Lagunarteko momentuak, bestelako giro batzuetatik eratorritakoak, harremanak, 36ko gerra, gure garaiari buruzko intuizioak, momentu txikiak... Askotarikoak dira poemetako gaiak".

Jasotako sariarekin lanean jarraitzeko ardura sentitu duela dio Ugartek. "Lagun batekin ari naiz liburua zuzenenera eramateko saioa prestatzen orain; uda aurretik emanaldiren bat edo beste egitea da gure asmoa".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak