Estreinako poesia liburua argitaratu du oñatiarrak.
Zer sentitzen duzu zuk sinatutako lehen liburua eskuetan duzula?
Hasteko, poz handia; kostatu zait, baina uste dut lortu dudala liburuarekin pozik gelditzea. Edozelan ere, urduritasunak ere irauten dit oraindik; idaztea ez, hitz egitea tokatzen da orain, fokuan egotea apur bat, eta horrek ematen dit erreparoa. Beraz, emozio nahasketa handia, horixe sentitzen dut. Azken lauzpabost urteetan pilatutako poemekin osatu dut liburua, eta tarte horretan gertatutako hainbat gauza ere izan ditut bueltaka egunotan, eta horrek hunkitu nau, modu onean.
Hurbileko pertsonen heriotzak idazteko akuilu izan dituzu. Hutsunea betetzeko baliagarria izan zaizu?
Ez, uste dut bete ezin den hutsune bat dela hori. Hurbileko hiru adineko horien heriotzak oso denbora gutxian gertatu ziren gure etxean, eta niretzat garai intentsua izan zen. Denbora bat atzerrian egotetik nentorren, oso bizi, eta nahiko goitik behera zetorren giro bat topatu nuen etxe inguruan. Horrek oso adi jarri ninduen, ohartzen nintzelako haiek hiltzearekin batera beste zerbait ere hiltzen zela, eta hori joaten ikusteak biziagotu egin zizkidan galdera batzuk. Erantzunik ez dut topatu, noski, baina gauza horietaz pentsatzen segitzeko modu bat ere izan da garai hartako emozio eta galdera horiek poemetan jasotzea. Nik uste dut hori izan dela gehiago motorra, eta ez dolua egitea edo horren hurbileko ezer.
Bestelako gaiak ere badira.
Kopuruz gehiago dira bestelakoak, bai: lagunarteko momen- tuak, bestelako giro batzuetatik eratorritakoak, harremanak, 36ko gerra, gure garaiari buruzko intuizioak, momentu txikiak...
Zure mundu ikuskera garatzen ari zarela diozu, denbora eta lekuarekiko kezka handitu egin zaizula gaineratuta. Zelako kezkak?
Kezka bat bada jakin nahi izatea nola oroitu, zer egin pilatzen goazen jende, leku, uneekin. Zer egin leku batean aurrez gertatu denarekin –izan sukalde bat, kale bat...–, nola eragiten dion horrek gerora horra heltzen denari. Gustatzen zait memoria orainetik definitzen denean, orainean egiten den zerbait delako. Eta, horrekin batera, etorkizunarekiko ziurgabetasuna, konpromisoa eta ardura ere bai: iraganak iragan, orainean egiten dugunak nora garamatzan jakin gura bat, plano askotan, izan intimo zein kolektibo.
Zelan dago liburua egituratuta?
Ez dut atalik egin. Egin nuen saiakera bat, baina oso bortxatua gelditzen zen, eta uste dut ez zuela laguntzen. Badira oihartzunak poemen artean, eta atalak eginez gero horiek apurtzeko arriskua ere ikusten nuen. Azkenean, continuum bat bezala ordenatu dut, mota ezberdinetako poemak tartekatuz eta, nolabait, orekatzen saiatuz.
Idazteko prozesua zelakoa izan da?
Oso su motelean joan da egiten. Hori izan da erritmo iraunkorrena, eta gero etorri da argitaratzea erabaki genuenetik aurrerakoa. Azken tarte horretan gehiago izan da nuen materiala aztertzea, eta liburua nola eraiki pentsatzea. Idatzi ere egin dut azken tarte horretan, baina momentu arraroagoa izan da idazteko, argitalpena presente izanda, ez naiz hain patxadatsu aritu, presa gehiago izan banu bezala poema berri horiek bukatzeko. Hala ere, asko ikasi dut azken hilabete hauetan.
Aholkularirik izan duzu?
Iñigo Astiz idazle, Berria-ko lankide eta lagunarekin poema truke dezente izan dut, esaterako, eta hori opari terriblea bat da; asko hauspotu dit idaztera esertzeko gogoa elkarrizketa horrek. Liburuaren editorea Leire Lopez Ziluaga izan da, eta bere begirada eta bere lana ere oso inportanteak izan dira.
Lehiaketetan sariak irabazi dituzu; ze garrantzi dute sariketek?
Pentsatzen dut lehiaketek bere alde onak eta ez hain onak dituztela. Saria eramanez gero, bultzada bat dira, batzuetan argitaratzeko aukera ere ireki dezakete; baina ez baduzu saririk irabazten, destruktibo samarra ere izan daiteke, eta norbere lanaren gaineko konfiantza ez luke horrek baldintzatu behar. Niri egia da balio izan didatela idazmahaian esertzen: epe bat jartzen eta testu bat ordurako bukatzen, eta hori bai eskertzen diet, ze bestela askotan erdizka izan ditzakezu hainbat zirriborro denbora luzez.
Kultura kazetaria zara; euskal literatura sormena osasuntsu ikusten?
Ez dakit osasuntsu dagoen, uste dut jende asko ari dela gauza eder asko egiten.
Eta zer diozu kontsumoari buruz?
Kontsumoa hitza trabatzen bazaigu ere literaturaz ari garenean, uste dut daukagun arazorik handienetariko bat dela ezezagutzarena. Euskaldunen —eta ez euskal herritarren— parte oso handi batek ez ditu euskal idazleak eta haien lana apenas ezagutzen. Euskaldunen gehiengoak euskarazko komunikabideetara jotzen ez duen bezala. Askotan borondate falta dago, baina ez nuke erantzukizun guztia irakurleen esku utziko ere; askoz-askoz eskurago jartzen digute egunero erdal mundua, eta erabaki hori beste nonbaitetik dator. Hori bai iruditzen zait aspalditik arrastaka daramagun herren handi bat.