HEMEN DEBAGOIENA

Gerratik ihesi, Oñatin dira Yula Krekoten eta bere familia

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 6a, 19:03

Otsailaren 24an sartu ziren tropa errusiarrak Ukrainan. Goizaldeko 5:30ean entzun zituen lehenengo leherketen eztandak Yula Krekotenek, eta 24 orduren buruan, ama eta anaiarekin Oñatira bidean zen, motxila txiki bat soinean hartuta.

6 urte zituenetik ezagutzen du Oñati Yula Krekoten ukrainarrak. Urtero etorri izan da harrera familiarekin uda igarotzera, eta batxilergo ikasketak ere bertan egin ditu. Gerrak, baina, Ukrainan harrapatu zuen.

Lagun baten deiak esnatu zuen Krekoten otsailaren 24an; gerra piztu zela esan zion. "Egoera arraroa zen aurreko hilabeteetan ere. Lanera joaterakoan tankeak eta soldaduak ikusten nituen, eta supermerkatuetan kontserba-poteak eta latak agortzen ari ziren", kontatu du. Bere ama Tania Oblomskak, ordea, ez zuen susmo hori: "Amak esaten zidan propaganda hutsa zela; jendea beldurtzeko estrategia, alegia".

Ama esnatzea izan zen Krekotenek egin zuen lehenengo gauza. "Terrazara joan ginen eta lehergailuen eztandak entzuten ziren. Katua, izututa, etxera sartu zen. Telebista piztu genuen eta gauza bakarra zegoen kate guztietan: gerra. Presidentearen mezua ari ziren helarazten; egunerokotasuna erabat aldatuko zela iragartzen ari zen Zelenski".

Ihes egiteko asmorik gabe

"Ez genekien zer egin, oso urduri geunden, beldurtuta, eta gure dokumentazioa batzen hasi ginen", dio Krekotenek. Izan ere, onartu du sekula ere ez zitzaiela burutik pasa halako egoera baten aurrean zein pauso jarraitu behar ziren. Supermerkatuetan janaria agortzen hasi zela azaldu du, eta ihesari emandako autoek kilometroetako ilarak osatzen zituztela: "Pentsatu genuen alferrikakoa zela alde egiten saiatzea; ilarak ikaragarriak ziren eta gasolindegiak itxita zeuden".

Egunak aurrera egin ahala, baina, iritziz aldatu zuen familiak: "Motxila txiki bat prestatu genuen bakoitzak, badaezpada. Egoera larritzen ari zen, eta beldur ginen etxean ere".

Etxeratze-aginduari, planto

19:00etatik 07:00etara etxean geratzeko agindua jaso zuten ukrainarrek egun hartan. "Agindua ezin zen pandemian emandakoarekin alderatu. Kasu honetan, araua urratzeak heriotza ekar zezakeen", azpimarratu du. Nolanahi ere, herrialdetik ihes egitea erabaki zuen familiak: "Herria isilik zegoen. 05:00etan, etxeratze-agindua urratuta, Odesara bidean jarri ginen. Tankeak, helikopteroak, poliziak eta militarrak bakarrik zeuden; ez genekien errusiarrak edo ukrainarrak ziren, baina ukrainarrak izatea espero genuen". 170 kilo- metro orduko abiaduran eta gelditu gabe zeharkatu zuten herrialdea; 10:00etarako mugan zeudela azaldu du Krekotenek.

Moldavia, Errumania, Alemania... Bide luzea egin dute Oñatira iristeko. Gainera, onartu dutenez, muga zeharkatuta ere ez zuten lortu beldurrari izkin egitea: "Lehenengo gaua Moldavian igaro genuen, baina ez genuen lorik egin; gerra orpoz orpo sentitzen genuen oraindik".

Bihotza eta burua, Ukrainan

Yula Krekoten, Tania Oblomska eta Max Oblomsky Oñatin daude, baina oraindik ez da gerra bukatu eta Ukrainan dituzte bihotza eta burua: "Senide batzuk han geratu dira; nire aita, esaterako. Batzuekin harremanetan gaude, baina beste batzuekin ez dugu lortzen. Oso gogorra da eta errudun sentitzen gara". Argi dute, baina, "euren biziak salbatzeko" egin dutela hautu hori.

Oñatiarrei eskertuta

Yula Krekoten lanean ari da Oñatin; sukaldaria da. Anaia Max Oblomsky eskolan hasi da eta pozik dago lagun berriekin. Eta haien ama Tania Oblomska, berriz, euskara ikasten hasia da. "Amak duen erronka han- diena hizkuntzarena da, baina ikasteko irrikan dago. Ni ari naiz irakasle lanetan orain, eta eskolak hartzen hasiko da berehala", kontatu du alabak. Gainera, Krekoten Larraña Etxean ere ari da bertan dauden ukrai- narrei hizkuntzarekin laguntzen.

Momentu honetan hirurak harrera familiaren etxean bizi dira, baina haien nahia "bizitza berri bati ekitea" da: "Laguntza eskatu nahi diegu oñatiarrei; etxe bat nahi dugu bizitzeko. Agian, ez dugu behar bezala, hilabetero, alokairua ordainduko, baina lanean ari naiz, eta zerbait egin dezakegu". Halere, epe luzerako helburua beste bat da: "Ez dakigu noiz, baina Ukrainara bueltatuko gara; gure benetako etxera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak