AEKtik jaso zuten proposamena Oñatiko Udalean lehendabiziko Korrika hura Oñatin hasiko zutela, unibertsitatea zuen lehen euskal herrian. Migel Anjel Kortabarria lehen Korrika hartako Oñatiko batzordeko kide zen, eta gogoan du ia dena antolatuta iritsi zela herrira: "Guk gure laguntza eskaini genien, baina ia dena lotuta zegoen kanpotik". Lehendabizikoa izanda, gauza guztiak ez zeuden egun egoten diren besteko ondo lotuta, baina Kortabarriak gogoan du oso harrera ona izan zuela: "Herriko talde askok hartu zuten parte, kuadrilla askok".
Lehendabiziko Korrika zen, eta inork ez zuen imajinatzen nola egingo zen, zer zen hura, eta ikusmin handiarekin abiatu zen. Antolatzaileek horrela erabakita, eta orduko egoeragatik, ibilbideko lehen metroetan erakunde kulturalak eta politikoak ordezkatuko zituen zero kilometro bat egitea pentsatu zuten. Horrela, Jose Mari Satrustegi apaiz eta euskaltzain nafarrak hartu zuen lekukoa Sancti Spiritus unibertsitatearen parean, eta Oñatiko alkate Eli Galdosek eman zion erreleboa metro gutxira, udalbatza osoa atzetik zuela. Ondoren etorri ziren heriko gainerako eragileak.
Udal zinegotzia zen orduan Mikel Etxaburu. "Otu zitzaigun ondo egongo zela Korrika abiatzearekin bat herriko kanpaiak jotzea. Gotzainari deitu behar izan nion baimena eskatzeko. Erantzun zidan euskararen alde bazen baietz, aurrera egiteko!". Eta horrela izan zen, Korrika abiatzearekin bat jo zuten kanpaiek, eta... hasi zuen elurra.
Itziar Jauregi antolatzaileen artean zen. Autoan egin zuen Korrikaren ibilbidearen zati handi bat: "Bizi izan dudan ekintzarik hunkigarriena izan da. Emozioz beteta ibili ginen korrika".
Oroitzapen ederrak
Emozio handia aipatzen du, baita ere, Zipri Agirrek. Lehen kilometroko lekuko eramailea izan zen. "Pikupe txarangako bonbo-jolea nintzen, eta zuzendariak hartu behar zuen lekukoa, baina gaixotu egin zen eta niri egokitu zitzaidan. Oso harro sentitu nintzen une hartan. Beste garai batzuk ziren, eta Korrika zen modu bat euskararen eta Euskal Herriaren alde zerbait egiteko".
Oroitzapen politak ditu, baita ere, Pikupeko kide zen Mikel Zabaletak: "Gogoan dut Kale Zaharrean behera joan ginela txarangan, jotzen eta Korrikan parte hartzen". Herri osoa kalean zegoela du gogoan Etxaburuk. "Sekulako eguraldi txarra zegoen; euria, hotza eta elurra, baina kale osoa bete-betea egon zen".
Zipri Agirreren aldamenean joan zen, tarte batez, Gotzon Osinaga. "Jendeak ez zion antzik ematen luzera Korrikak izango zuen indarrari. Gauza oso berria zen, trantsizio urteak ziren...". Gogoan du ez zegoela petorik. Lekuko eramaileei bakarrik jarri zitzaien dortsala. "Lekukoak, esaterako, ez zuen ikurriñik. Gerora jarri zitzaion. Eta jendeak galdetzen zuen zer zen lekuko bat, eta azaldu egin behar izaten zen". Errezeloak ere bazeuden,"beldurra", zer ote zen ekimen hori, benetan euskararen aldekoa ote zen...
Korrikaren alde dirua ateratzeko jaialdia ere egin zen Oñatin. Orduko Korrika Kulturala, alegia. Herri kirolak, dantzariak, eta bertsolariak izan ziren. Gaur egun gaztelekua den eraikinean egin zen. Oñatiko udal artxiboan badaude argazkiak; Jesus Mari Arzuagak ateratakoak, hain zuzen ere.
Amaiera, Bilbon
Abenduaren 7an amaitu zen lehen Korrika. Bidean otu zitzaien antolatzaileei mezu bat beharko zukeela lekukoak barruan. Rikardo Arregiren testu bat aukeratu zuten, baina bidean galdu egin zen, eta ez zen Bilbora heldu. Inprobisazioaren Korrika izan zen. Inor gutxik espero zuen gerora izango zuen bilakaera.