Araozko ostatua ikusteko ate irekiak egingo dituzte asteburuan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mar. 15a, 09:33

Taberna, 40 bat lagunendako jatetxea eta lau apartamentu turistiko ditu, eta horien ardura hartuko duen ostalaria hartzeko fasea hasiko da orain: azken fasea. Ekainean zerbitzua esleitu eta ostatua udan zabaltzea da Udalaren eta auzotarren nahia. Asteburuan bisita gidatuak egingo dituzte auzotarrek.

Bukatu dituzte Araozko ostatua egiteko lanak. Eraikina egokitu egin dute, barrua altzariz hornitu eta inguruan ibilgailuendako tokia prestatu. Ostalari lana esleitzea falta da orain, eta pleguak prestatzen hasita dago Udala horretarako. Ekainean adjudikatu eta udan zerbitzua martxan egotea da Udalaren eta auzotarren asmoa.

Nesken eskola izandako eraikina bihurtu dute ostatu.

Lau apartamentu eta taberna

Bi pisu ditu Araozko ostatuak: behean daude 40 bat lagunendako tokia duen taberna eta jangela eta apartamentu bat – egokitua–, eta goian beste hiru apartamentu. Gela batekoak eta bikoak dira apartamentuak eta erabat hornituta daude: mikrouhin-labea, hozkailua, sua, ikuzgailua, mahaia eta aulkiak dituzte sukaldeek, telebista eta sofak daude egongeletan, dutxak komunetan eta horma-armairuak logeletan. Taberna eta jangela zerbitzuak dituen espazioa mahai errektangularrez eta borobilez hornituta dago, eta leiho bat baino gehiago hormetan. Sukaldea industriala da, biltegi txiki bat ere badago hornigaiak gordetzeko, komunak eta baita telebista handi bat ere tabernako barraren parean. Barrura sartzeko, berriz, bi sarrera ditu eraikinak: apartamentuetan daudenek erabiliko lukete bat eta tabernara edo jangelara kanpotik datozenek bestea. Barrutik, baina, elkar komunikatuta daude bi aldeak.

Taberna.

Jangela.

Zerbitzu hori nork emango duen lotzea da orain falta dena. Udala hasi da lizitaziorako pleguak prestatzen eta esleipena ekainean egingo litzateke, ostatua udan zabalik egoteko.

Apartamentuetako sukaldeak hornituta daude.

Komun egokitua.

Finantzaketa, hiru zatitan

Lehengo nesken eskola izandako eraikinean ostatua eta hiru apartamentu turistiko egiteko proiektu hau auzotik bertatik sortutako proiektua da, bertakoek ikusten dutelako horrek biziberritu egingo lukeela auzoa eta kanpotik datorrenari ere zerbitzua emango liokeela. "Luzera begirako egitasmoa da, plan estrategikoa", auzoarendako. Proiektua Udalari erakutsi, ondo iruditu hari, eta nola finantzatu eta zelan gauzatu edo nork eta nola kudeatu lantzen hasi ziren elkarrekin alde biak, hitzarmenak faseka eginez. Jaurlaritzarekin ere jarri ziren harremanetan auzotarrak, proiektua erakutsi eta diru laguntza lortzeko. Eta lortu zuten; kantitate osoaren erdia jarriko du Eusko Jaurlaritzak, gutxi gora-behera. Izaro Elorza alkateak emandako datuen arabera, 900.000 euroko inbertsioa izan da proiektua; 200.000 euro jarri dituzte auzotarrek, beste horrenbeste Udalak, eta gainerakoa Jaurlaritzak; zati txiki bat Aldundiak.

ATE IREKIAK ASTEBURUAN
Martxoak 18, egubakoitza

• 17:00etatik 20:00etara, arratsaldean.

Martxoak 19 eta 20, zapatua eta domeka

• 11:00etatik 13:00etara, goizean.

• 16:00etatik 20:00etara, arratsaldean.

Apartamentuetako bateko sukaldea, egongela eta komuna.

Auzotarrendako topaleku, bisitariendako zerbitzu

Eraikina, berez, auzoarena da, baina diru laguntzen eskaerak Udalak egin behar zituen, auzoak ez duelako ezagutza instituzionalik eta horrelako eskaera bat erakunde ofizial batek egin behar duelako. Hala, auzoa behartuta egon da Udalari hamar urterako uztera eraikina. Denbora hori pasatutakoan auzoarena izango da berriz eta beste hogei urtean, behintzat, helburu berberekin kudeatuko du auzoak. Zerbitzua eskaintzeko Proiektu honekin, auzotarren asmoa ez da turista gehiago ekartzea. Diote egun ere jende asko dabilela auzoan, baina non zer hartu ez dutela. Izan ere, ez dago tabernarik orain Araotzen. Pilotan egitera frontoira, eskalatzera, mendi buelta bat egitera edo Arrikrutz Kobak bisitatzera, adibidez, jende asko joaten dela diote, eta horiei zerbitzua ematea litzateke ostatuaren helburuetako bat. "Asko poztuko ginateke zerbitzua hartzen duen ostalaria auzoaren izaerarekin bat etorriko balitz. Hau da, esaterako, kanpotik etorri eta inguruan dabilenari mendi buelta nondik egin aholkatzea edo behar duen informazioa eskaintzea", dio German Barrena auzotarrak. Auzotarren elkargune izatea da beste helburua, auzotarren topaleku bihurtzea.

Ohe batekoak edo bikoak dira logelak.

Interesa erakutsi dute

Martxoaren 18an, 19an eta 20an, datorren aste bukaeran, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte ostatua erakusteko. Edozein herritar joan ahal izango da ikustera, baita zerbitzua hartzeko interesa dutenek ere. Dagoeneko, gainera, jendeak agertu du interesa proiektuarekiko. Bi lagun, gutxienez, egon dira bertan eraikina nolakoa den ikusten eta instala- zioak bisitatzen, baina hornitu gabe zeuden espazioak orduan, altzariak jarri gabe. Ostatu bihurtu duten eraikina 1934koa da, auzoko nesken es- kola izandakoa. 1970ean, alda- ketak etorri ziren, eta auzoko eskolak itxi eta kalera joan ziren ikastera. Ordutik hona, hutsik egon da, eta, proiektu honekin, eraikina ez ezik auzoa biziberritzea da asmoa.

German Barrena, Mirari Ibabe, Izaro Elorza eta Xabier Igartua.

-------------------

"Zerbaitengatik da erakargarria Araotz, eta zaintzea da helburua"

Mirari Ibabe, Araozko auzo alkatea

Hasieratik hartu du parte auzoak proiektuan. Lan handia egin dute auzotarrek. Ate irekietan ere eurak egongo dira ostatua erakusten.

Zer ikusiko dute datozenek?

Taberna, jangela eta lau apartamentu daude. Ea norbait animatzen den ostalari lana hartzera.

Alokatzeko dira apartamentu guztiak?

Posible da zerbitzua hartzen duena horietako batean bizitzea ere, batean bizi eta beste hirurak alokatzea. Edo laurak alokatu. Zerbitzua hartzen duenak erabakiko luke hori.

Aparkatzeko tokia ere badago inguruan.

Auzoan lehendik zegoen arazoa zegoen. Ostatuak behar du aparkalekua, eta auzoak bere gain hartu zuen arazo hori. Auzolanean egokitu dira aparkalekuak. 60 bat ibilgailurendako tokia egongo da. Ostatu ondokoak bertara datozenendako izango dira eta kaminoz beste aldera daudenak, auzotarrendako, pribatuak.

Ez da auzotarrok egin duzuen lan bakarra, baina.

Aurretik, eraikinaren teilatua konpondu genuen, jausi ez zedin. Baserri bakoitzak 1.000 euro jarri zuen horretarako. Gero etorri zen proiektu honen ideia, eta hori lantzen ere ibili da. Hau egiteko, eraikinak lurraren parean, zero kotan, egon behar zuen, eta, horretarako, barrutik lurra ateratzen ere bertakoak ibili ziren; auzolanean egin zen lan hori ere.

Zein da proiektuaren helburua?

Auzoari bizitza ematea, batetik, elkartzeko tokia izatea eta, era berean, bisitariei zerbitzua eskaintzea.

Baina ez turista gehiago erakartzea, ezta?

Ez. Egun ere jende asko dabil auzoan. Guk gura duguna da oreka bat egotea mendira edo aisialdiaz gozatzera datozenen eta
ostatuaren artean. Ez dugu masifikaziorik ekarri gura; lehendik ere
etortzen da jendea, eta proiektua era ordenatuan kudeatzea gustatuko litzaiguke: ondo aparkatzea, sartu-irtenak erosoak izatea... eta bertakoen egunerokotasuneko lana eta bizitza ez oztopatzea. Denon artean zaintzeko tokia da, zerbaitegatik da erakargarria, eta zaintzea da gure helburua. Ostatua
auzotarrendako topaleku izango da eta bisitariei emango die
zerbitzua.

Zein litzateke, auzotarrendako, ostalari idilikoa?

Bertan biziko den familia bat, adibidez

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak