Hamaika kantu propio jo zituzten eta, horiez gain, Golpe de Estado talde mitikoaren bizpahiru bertsio ere eskaini zizkieten zaleei. "Lehen kontzertua izateko, oso gustura geratu gara", dio Txebi-k. Era berean, herritarren erantzunak aurrera egiteko indarra eman diela aitortu du, eta zuzeneko gehiago jotzeko deseatzen daude dagoeneko. Oraingoz, baina, bakarra dute lotuta; maiatz bukaeran izango da, Ikatz tabernan. "Gero, ikusiko dugu ze aukera ditugun".
Motz taldearekin batera, Juan Valls musikariak gidatutako Ramada Inn taldea ere igo zen oholtzara. Pills for horses izena du Vallsen kantuak batzen dituen laugarren bildumak, hain justu ere, Ramada Inn taldearen izenean sinatutako lehenengo lanak. Eta berarekin lagun ditu Iñigo Ugarte –gitarra–, Ander Etxaniz –baxua– eta Mikel Marco –bateria–.