Gaztetxean estreinatuko da Motz talde berria

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mar. 11a, 09:00

Motz musika taldea osatzen duten taldekideak. (Argazkia: Joseba Azkarate).

Aurrez hainbat taldetan ibilitako bost musikari elkartuta sortu dute Motz. Hamaika kantu egin dituzte eta bihar, zapatua, Antixenan emango duten lehen kontzertuan entzun ahal izango dituzte abestiak estreinakoz ikus-entzuleek; diskoa ere grabatu nahi dute.

Besteak beste, Golpe de Estado, Sospechosos, CC627, Drakes, Ixilik eta Larru Beltzak taldeetan ibilitako bost musikari hauek osatzen dute Motz talde berria: Xabi Elortza Txirli-k, Jabi Bujanda Txebi-k, Joseba Azkaratek, Xabier Pascual Pasku-k eta Imanol Ugartek. 2021ean hasi ziren proiektuari forma ematen eta bihar, zapatua, gaztetxean eskainiko dute euren lehen kontzertua izango dena. 

Taldearen izena nondik datorren galdetuta, hauxe erantzun du Txebi taldekideak: "Hitz joko bat da, Ingalaterran 1960ko hamarkadan egon zen mod mugimendu kulturalari erreferentzia egiten diona".

Hamaika kantu, eta euskaraz

Punk-rock estiloko hamaika kantu sortu dituzte, oraindik publiko egin ez dituztenak. "Melodia eta indar handiko kantu freskoak sortu ditugu", azaldu du Txebi-k. Eta euskaraz, gainera: "Orain dela 10 edota 15 urte, uste dut erreferentzia kontuengatik abesten genuela gaztelaniaz. Orduan ez zegoen horrenbeste musika euskaraz, eta, agian, ez zitzaigun hain natural irteten. Baina gaur egun, zorionez, egoera aldatu egin da eta edozein arlotan daukazu euskarazko musika –reggaetonean, punkean eta beste hainbat estilotan–, eta, askotan, ez duzu joan behar euskararen bila, uste dut modu naturalean irten behar duela, eta kasu honetan horrela irten da eta oso gustura gaude".

Hitzak Pasku taldekideak idatzitakoak dira eta hainbat gai landu dituzte kantuetan: "Gure gogoeta pertsonalak egin ditugu abesti batzuetan, mundu zoro honi kritika ere bai, bizitzako pasarteak kontatu ditugu eta umorezko kantu bat sortzera ere ausartu gara oraingo honetan, Mozolo izenekoa".

Publikoarendako ere berriak

Diskoa grabatzeko asmoa eta gogoa ere badute taldekideek, baina, horren aurretik, ikusi nahi dute ea herritarrek zein harrera egiten dieten kantuei. Izan ere, bihar, zapatua, zuzenean entzun ahal izango dituzte ikus-entzuleek lehen aldiz kantuak. "Ez dakigu jendeak nola erreakzionatuko duen abesti berriekin, eta hori ikustea ere oso polita izango da", aitortu du Txebi-k.

Kontzertua Ernai gazte antolakundearen euskal preso politikoen eta iheslarien aldeko Gabonetako egitarauaren baitan egin behar zuten, baina atzeratu egin behar izan zuten. Orain, taldekideak "urduri, baina gogotsu" daude.

Ramada Inn ere agertokian

Motz taldeaz gain, Juan Valls musikariak gidatutako Ramada Inn taldea ere igoko da Antixeneko oholtzara kontzertua eskaintzera bihar, zapatua. Pills for horses izena du Vallsen kantuak batzen dituen laugarren bildumak, hain justu ere, Ramada Inn taldearen izenean sinatutako lehenengo lanak. Eta berarekin lagun ditu Iñigo Ugarte –gitarra–, Ander Etxaniz –baxua– eta Mikel Marco –bateria–. 

19:30ean hasiko dira zuzenekoak eta 19:00etatik aurrera erosi ahalko dira sarrerak; soldata dutenek 5 eurotan eta ez dutenek, 3 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak