Iokin Garai: "Egoera zuzentzen laguntzera nator selekziora"

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 11a, 14:00

Oñatikoak Euskal mendizale federazioko zuzendaritza berriaren proposamena onartu du, jakinda euskal selekzioko teknikariak aldatu izanak haserrea sortu duela batzuengan. Egoera konpontzen laguntzea da oñatiarraren nahietako bat. 

Iokin Garai (Oñati, 1983) euskal selekzioan aholkulari lanetan dabil, Oier Ariznabarretarekin, Joseba Usabiagarekin eta Josu Juaristirekin batera [Arrate Bastida eta Aideko Lopez dira hautatzaileak, eta Mireia Trigueros EMFko ordezkaria da]. Ardura polita da mendiko lasterketetan 15 urte hauetan esperientzia galanta batu duen lasterkariarendako. Edo, hobeto esanda, korrikalari ohiarendako. Izan ere, irailean medikuek mokorreko desgastea zeukala baieztatu ziotenean, segituan hartu zuen erabakia, ez du korrika egiten jarraituko. Erronka berrira, baina, ekaitza lehertu ostean iritsi da, zuzendaritza berriaren eta selekzioko lasterkari askoren –18, guztira– artean liskarra dago eta. Azken horiek ez dute begi onez ikusi eurekin lanean ibili diren teknikariak kalera bidali izana –teknikarietako bat zen Iñaki Uribe-etxeberria eskoriatzarra–, eta lasterkariek abenduan adierazi zuten, gutun bidez, ez dutela selekzioaren dortsala gehiagotan jantziko. Ez, behintzat, zuzendaritza talde hau dagoen bitartean.

Kanpotik ikusita, saltsa ederrean sartu zara, Iokin...

Batek baino gehiagok esan dit hori... Abenduan jaso nuen batzorde berriko kide baten deia, eta aholkulari lanetan hasteko proposamena egin zidan. Ordurako, banuen gertatutakoaren berri, eta, hala ere, ez nuen zalantzarik izan. Hain zuzen, egoera zuzentzen laguntzeko asmoarekin eman nuen baiezkoa, eta gauza polita delako selekzioari lagundu ahal izatea, ilusioa badut. Mendi lasterketak alde batera utzi ditudan honetan, lasterketa giroan sartuta jarraitzeko modua ere badelako onartu nuen proposamena.

Haserre dauden mendi lasterkari batzuk gertukoak izango dituzu...

Ia hamabost urte egin ditut lasterketetan, pentsa... Bai, lagunak ditut tartean. Baina, halako arazo baten aurrean, nahiago dut zezenak kanpotik ikusi baino barrura sartu eta ekarpen positiboa egiten ahalegindu. Asmo horrekin nabil, baina ikusi dut oraindik denbora behar dela.

Zer ikusi duzu?

Lasterkarien partetik oraindik min handia dagoela, eta denbora behar dela gauzak bere onera ekartzeko. Uler nezake haserre hori, uste dut egungo zuzendaritza taldeak komunikazioan ez duela asmatu, gauzak, seguruenik, beste modu batean egin zitezkeela, baina gauzak ez dira ez beltzak eta ez zuriak. Zuzendaritza talde berriak lana beste modu batean egin nahi du, beste lantalde batekin, eta halako erabakiak ez dira inoiz errazak hartzen, ezta barneratzen ere. Gainera, orain arte egon direnen lana ona izan da, emaitzak hor daude. Baina batzorde berriak irizpide garbi batzuekin egin nahi du lan, eta hori ere errespetatu egin behar da.

"SEGURUENIK, KOMUNIKAZIOAN EZ DA ASMATU, BAINA AURRERA BEGIRATU BEHAR DUGU"

Egin duzue mendi lasterkari horiekin berba?

Saiatu gara batzuekin egoten, baina, oraingoz, ez da posible izan.

Ez duzu esperantzarik galdu?

Ez, lasterkari horiek ez egotea selekzioarendako galera handia delako eta beharrezkoak direlako. Baina beharrezkoak ez dira eurak bakarrik. Euskal Mendi Federazioan 40.000 federatu baino gehiago daude, eta teknikarien irizpideak betetzen duen orok du selekziora joateko eskubidea. Hain zuzen, irizpide horiek garbi zehazteko ahalegina egin du batzorde berriak. Hasi gara lasterketetara joaten, jende gaztearekin osatu da selekzioa, eta, nik dakidala, oso giro onean ibili dira. Eta horiek ez diote inori baimenik eskatu behar selekzioan egoteko.

Zer lan egiten du, baina, aholkulari batek?

Aholkularion lana da mendi lasterketetan korrikalarien jarraipena egitea. Eta jaso dugun informazio hori, gero, hautatzaileei pasatzea, eurek erabaki dezaten lasterketa bakoitzera nork joan behar duen. Horrekin batera, lasterketa batzuetan laguntzaile lanak ere egingo ditut. Esaterako, bi aste barru, Espainiako ultra txapelketa egongo da, eta hor laguntzaile egongo naiz. Eta horrekin batera, lasterketetan korrikalarien ondoan egon nahiko nuke, euren sentimenduen berri izan, zelan dauden ikusi, eta gero, lantaldera transmititu. Korrikalari izan naizen aldetik, badakit horrek ze garrantzi daukan, eta hor sakondu nahiko nuke.

Bide batez, erabaki gogorra hartu zenuen iaz...

Bai, baina poliki-poliki barneratzen joan naizen zerbait izan da. Etxean aitak ere arazo berbera izan du, mokorreko desgastea, eta ni duela pare bat urte molestia batzuekin hasi nintzenean segituan konturatu nintzen zer izan zitekeen. Aitarekin egiten nuen berba, eta sintomek antzekotasun handia zuten. Hala, irailean medikuek argi esan zidaten mokorrean desgaste handi samarra neukala. Eta nire erabakia ere berehalakoa izan zen; inpaktuzko kirol jarduerak alde batera uzteko momentua iritsi zela, alegia. Hala, bizikletan ibil naiteke, etxekoekin mendira joan naiteke oinez ibiltzera, baina lasterketak amaitu dira niretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak