Ukrainako Natasha Koriagina, Ksenija Lezhnina –eta bere ume jaioberria– eta Ksenija Vynnychenko –eta bere hiru seme-alabak– izan dira Oñatiko Larraña etxeko prentsaurrekoko protagonistak. Itzultzaileekin egindako saio hunkigarrian, euren esperientzia latza kontatu dute. Ksenija Vynnychenko-k, esaterako, kontatu du bere autoan seme-alabak sartu eta 3.000 kilometro egin zituela inbasioa hasi eta berehala, senarra Ukrainan utzita. Bereziki hunkituta ikusi zaio tarteka. Egoera lazgarrienak bizita ere, ez dute itxaropenik galdu ahalik eta etorkizun hurbilenean euren jaioterrira itzultzeko eta esker on hitzak izan dituzte: "Gure seme-alabak seguru sentitzen dira hemen".
Oñatiko Larraña etxean, Ukrainako 17 errefuxiatu
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak gogora ekarri duenez, 3.000 eta 3.500 ukrainar artean bizi dira EAEn, eta horietatik ia erdiak Gipuzkoan bizi dira. Legarretak adierazi du aspaldi daudela EAEn Ukrainarekin lotura duten elkarteak: "Euskal familia asko daude Txernobilgo umeak hartu izan dituztenak udako programetan eta sarea egon badago. Hortaz, oso zaila da jakitea otsailaren 24a ezkero Ukrainatik zenbat herritar etorri diren, askok euren kontaktu pribatuen bitartez egin dutelako. Dakiguna da guk jarri ditugun plazetara zenbat etorri diren". Oñatiko Larraña etxean, esandako moduan, Ukrainako 17 errefuxiatu daude.