Dantzak, antzezlana, kalejira, txokolatea eta mozorroak Oñatiko Aratusteetan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 18a, 16:28

Oñatiko Inauteriak 2020an.

Oñatiko Inauteri Txikia egingo da Eguen Gizen egunean herriko ikasleekin eta horrek emango die hasiera Oñatiko Aratusteei.

Otsailaren 24an da Eguen Gizen eguna eta aurten, Oñatiko Inauteri Txikia ospatuko da egun horretan herriko hiru ikastetxeen partaidetzarekin, Oñatiko Inauterietako lantaldeak antolatuta. Pake Lekun ere ospatuko dute Eguen Gizen eguna.

Horrela hasiko dira aurtengo inauteriak Oñatin. Baina egingo dira ekitaldi gehiago ere. Egubakoitzean, esaterako, Harri Minak antzezlana ekarriko dute Zuberoako Berritza eta Bonbon konpainiek, Geuretik Sortuak ekimeneko lana. Santa Ana antzokian izango da, 19:00etan, eta sarrerak internet bidez, Txokolateixan eta plazako leihatila digitalean eros daitezke, zortzi eurotan.

Oñatiko Inauteriak, Luzaideko dantzak eta pailazoak

Oñatiko Inauteriak zapatu goizean egingo dira aurten, Eltziatik hasita. Dantzariak, musikariak eta pertsonaiak egongo dira aurtengo ekitaldian ere; bihar, zapatua, dute entsegu orokorra. Plazan amaituko da kalejira, 14:00etan.

Eta domekan, Luzaideko bolant dantzen kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Oñatzeko dantzariekin batera, Aita Madina txistulari taldea eta eta Musika eskolako akordeoi ikasleek hartuko dute parte kalejira horretan.

Astelehenean atseden hartu, eta martitzenean, martxoak 1, Bizi bizi zirkua izeneko ikuskizuna eskainiko dute Kiki, Moko eta Flax pailazoek Santa Anan. Hiru euro da sarrera eta horiek ere ohiko tokietan eros daitezke. 18:00etan, txokolate jan solidarioa prestatuko du Oñatiko elizbarrutiko misio taldeak plazan. Batuko duten dirua Gineako proiekturako izango da. DJ festa ere egongo da plazan.

Ikastetxeetan ere bai

Herriko ikastetxeetan ere badute Aratusteak ospatzeko asmoa. Txantxiku Ikastolan, esaterako, egubakoitzean mozorrotuko dira, ohitura duten moduan. Oñatiko Inauteriak izango da gaia eta Haur Hezkuntzako ikasle zein irakasleak musikariz mozorrotuko dira eta Lehen Hezkuntzakoak, dantzariz.

Urgainen Aratusteetako martitzenean mozorrotzeko ohitura dute eta horrela egingo dute aurten ere. Euskal Herriko jaiak gaia hartuta, mailaz maila mozorro ezberdin bat jantzita pasako dute eguna.

Elkar Hezin, pandemia aurreko ohitura berreskuratu eta talde mozorroa prestatuko dute. Super Ausartak da gaia eta ume bakoitza kapa bat eskolan egindako buruko batekin mozorrotuko da. Kalejiran aterako dira martitzen goizean Arantzazuko Ama kaleko eraikinetik eta plazaraino joango dira, Santa Marinan geldialdia egin eta DBHko ikasleak agurtu ondoren. 'Zero biolentzia' gaia jorratu gura dute mozorroarekin ere. Horrelako egoera baten laguna babestea ausarta izatea delako.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak