Bizitza bi zuloen artean dirau: zulo batetik gatoz, zulora goaz. Zuloak harriari min ematen al dio? Halaxe hausnarraraziko die ikusleei Amancay Gaztañagak zuzendutako Harri minak an-tzezlanak. Berritza eta Bonbon Beltz konpainiaren eskutik otsailaren 25ean izango da antzezlana ikusgai Santa Ana antzokian, 19:00etan. Sarrerak jada eskuratu daitezke ohiko lekuetan, 8 eurotan.
Bien bitartean, aktore lanetan eta buru-belarri entseguetan dihardute Josune Gorosteguik eta Dominika Recalte Titika-k Oñatiko Santa Ana antzokian. Recaltek dio sorpresa ederra izan zela aktoreendako Geuretik Sortuak ekimenaren berri izatea: "COVID-19aren garaian denak lo zeuden, eta Udalbiltzakoek kultura munduan gaudenoi bultzada eman nahi izatea oso eskertzekoa da. Jakinda, gainera, jarritako baldintzei esker modu duinean lan egiteko aukera eman digutela. Horrez gain, 26 emanaldi lotu ditugu dagoeneko, eta hori oso gutxitan gertatzen da. Ekimen berria zela jakinik, ausardia handiko apustua egin dute, eta eskertzekoa da".
Era berean, salatu du Ipar zein Hego Euskal Herriko instituzioetan ez dagoela "inolako politika kulturalik" eta azken urteetan "geroz eta zailagoa" dela bertan bertako eta tokiko aktore zein dantzariek aretoak lortzea.
Oñatiko errealitatea
Dominika Recaltek aitortu du Oñati "arrotza" egin zitzaiola, hasiera batean. Hala, herria nola dagoen antolatuta eta bertako errealitatea ezagutzeko asmoz hainbat egonaldi egin dituzte Oñatin. "Helburua izan da Oñatiko bizia ezagutu eta gure ikerketa lanak egitea. Harritu egin ginen, ez ote du Oñatik itzalik? Dena perfektua da! Galdera horren bueltan osatu dugu gure ikuskizuna. 26 herritan aurkeztuko dugu eta Oñatitik atzera begirada bat ere pausatu nahi izan dugu edozein tokitan eman ahal izateko eta publikoak topa dezan zerbait berari ere oihartzuna ematen diona".
Zuloak eta erabakiak
Harri minak lanak galderak eta itzalak dakartza bere baitan. "Euskal Herriaz, gu geu zer garen, non diren gure zuloak, erabakitzeko beharra, zer erabakitzen den eta zer ez, kode sozialak zeintzuk diren eta nola moldatzen garen ere horiekin... Alde guztietatik tiratzen du antzezlanak. Gu ere, bi aktoreak, pertsonak gara, eta pertsona bezala zein itzal ditugun ere plazaratuko ditugu emanaldian zehar", azaldu du Recaltek.
Iñaki Olalde Kultura zinegotziak balioa eman dio proiektu berri honi esker bertako sortzaileei emango zaien bultzadari. "Gure hizkuntza eta gure herrialde ezberdinetako proiektuak uztartuko dituelako ere animatu gara", gaineratu du. "Antzerkia egokitu da Oñatin egitea, eta beste herri batzuetara zabalduko da; era berean, bestelako sorkuntzak ikusiko ditugu gurean. Ikusi dugu Euskal Herriko herrien arteko elkarlana sustatu dela".
Sorkuntza proiektuen egitaraua
Bidaide
• Martxoak 5: Metrokoadroka Sormen Laborategia. Santa Anan.
Trapu Zikinak
• Martxoak 13: Lore More Antzerki Taldea. Santa Anan.
Eresia
• Apirilak 3: Oier Zuñiga. Santa Anan.
Sexberdinak
• Martxoak 20: Ttantaka Teatroa. Gipuzkoako Artxibo historikoan.
Sarrerak salgai daude jada.