Bailarako baserritarrek eta Jose Maria Arizmendiarrietak nekez imajinatuko zuten 1960an 60 bazkide eta 200 langileko kooperatiba bat sortzeko lehen urratsak egin zituztenik. Nekez Arrasaten ereindako haziak Oñatin zein Txekiar Errepublikan loratuko zirenik. Nekez zerrategi, esnetegi eta ganadutegi gisa hasitako proiektuak eraikuntzara bideratutako taulak ekoizten amaituko zuenik.
Egurra oinarri
Mondragon Taldearen baitan, egungo lehengai "jasangarri eta nobleetako" batekin lan egiten duen kooperatiba da Lana. Sorrerako zerrategia 1995ean itxi bazuten ere, egurraren lanketa izan da enpresaren bilakaeraren muina; hainbat produktu ekoitzi dituzte urteetan zehar. Egun, eraikuntza sektorera bideratzen dute jarduna, hiru material merkaturatuz: hiru geruzako taulak, habe 20 bigak eta pelletak.
Erreferente bilakatu dira nazioartean, eta horrela izaten jarraitu nahi dute etorkizunean ere. Baina ez da esku artean duten erronka bakarra.
Ingurumenaren zaintza, esaterako, produktu berriekin lotu dute azken urteetan. Izan ere, prozesuan sortzen den zerrautsak eta bere ustiapenak zekartzan garraio kutsadurak pelleta ekoitziz ordeztu dute. Produktu berri baten sorrera hondakinen kudeaketa jasangarrirako bidean, alegia.
Iragan mendearen amaieran zerrategia itxi zutenetik, Europatik ase izan dituzte egur beharrak. Duela hiru urte, baina, urrats bat egin zuten hornidura zein prozesua bertakotzeko asmoz. Epe ertaineko erronka garbia da: "Produktuak bertako egurrekin hornitzea".
Elkarlana
Konfiantza dute oinarri, eta etorkizunari buruzko erabakiak elkarbanatzetik harago, gizarteko hainbat alorretan izaera aktiboa dute. Ez da kasualitatea, adibide gisa, Mondragon Unibertsitatearekin, Aloña Mendiko hainbat sailekin, Ointxe! saskibaloi taldearekin, Antxintxika triatloi taldearekin, Aita Mari gobernuz kanpoko erakundearekin eta hainbat kultur eragilerekin duten elkarlana. Luzea da zerrenda.
Goiena Komunikazio Taldea izan da zerrendara batzen azkena. "Komunitateari laguntzea gure helburuetako bat da", adierazi du Mirari Zilaurrenek, Lanako presidenteak, eta, ildo horretan, jauzi bat ematea izan da hartutako erabakia: "Bailarako komunikabidea izaki, denon artean aurrera atera beharreko proiektu bat da". Komunitatea indartzera eta bailara saretzera etorri da.