Etxe baten sarbideak duen zailtasunaz hausnartzeko ekimena abiatu dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urt. 24a, 16:08

'Oñatin bizi nahi dut. Etxerik gabe, nolako bizitza' dokumentalarekin etxebizitzaren gaineko arazoaz sentsibilizatu gura dituzte herritarrak, eta tailerrak egin etxe bila dabiltzanekin eta etxe hutsen jabeekin, irtenbideak topatzeko eragile aktibo izateko. 

Oñatin etxebizitza baterako sarrera zaila dela plazaratzeko dokumental bat egin dute. Hainbat testigantza jaso dituzte, izan etxe bila dabilen gazte edo etorkinena, adibidez, edo izan etxe jabeena. Gai horren inguruan hausnartzeko erabili duten euskarria da ikus-entzunezkoa, sentsibilizatzeko helburua duena eta arazoari irtenbideak bilatzen hasteko abiapuntua izateko asmoa duena. 40 minutu irauten duen lana da, joan den astean eskaini zuten eta 80 bat herritar izan ziren ikusten.

Hamabost testigantza

EH Bilduren gai sozialetako atalean ikusi zuten etxebizitzaren inguruan bazegoela arazo bat, eta, hori aztertzeko asmoz, herriko beste eragile batzuekin batera, gazteak, pentsiodunak eta Caritas, esaterako, talde bat sortu eta gaia lantzen hasi ziren. "Hamabost bat testigantza dira, profil ezberdina dutenak. Galdera sorta bat prestatu genuen bai etxe bila dabiltzanendako bai etxea alokairuan duten jabeendako, euren esperientziak eta iritziak jasotzeko. Egia da alokairuaren arazoak pisua hartzen duela dokumental honetan, baina asmoa da etxebizitza eredu ezberdinak aztertu eta zer gura den jakitea. Egun, salerosketaren eredua da nagusi. Alokairua ere ezaguna da, baina badira etxebizitza sozialak eta komunalak ere, adibidez, eredu ez hain ezagunak", dio EH Bilduko Gizarte Mahaiko kide den eta proiektuan parte hartu duen Ander Zarketak.

Lara Martín gaztearena da dokumentalak dakarren testigantzetako bat. MUko master bat egitera etorri zen Oñatira Martín, eta bertan, Oñatin, bizitzea erabaki zuen. "Pisuren bat alokairuan hartzea zen asmoa, baina berehala konturatu nintzen ez zela batere erraza hori. Eskaintza oso txikia zen, batetik, eta, bestetik, ez nuen herrian inor ezagutzen. Gerora konturatu naiz bertako gazteek ere zailtasunak izaten dituztela, eskaintza faltagatik eta alokairua ahoz aho jardunda lortzen dela, jende ezagunen artean. Azkenean, neuk jarri nuen iragarkia eta horrela sartu nintzen. Jende asko ezagutzen dut harrezkero, eta errazagoa izan da horrela. Egun, pisu konpartitu batean bizi naiz, alokairuan".

Mohamed El Fadeli ere bat dator: jendea ezagutzeak erraztu egiten du egoera. "31 urte dira Espainian bizi naizela eta inoiz ez dut pisurik alokatu etxe-agentzia baten bidez. Beti bitartekoekin. Logela bat alokatuta bizi izan naiz pisu batean hiru urtez, eta gero, jabeak alokatu egin zidan etxea, ezagutzen ninduelako. Oñatin, adibidez, erdiguneko pisu batean nengoen alokairuan. Kontratua bukatu aurretik saldu zuen jabeak etxea eta etxe-agentziakoak bilatu zidan egun nagoen etxea. Duela bost bat urtetik nago alokairuan hemen eta oso gustura bizi naiz, jabeekin ere pozik nago. Baina zuzenean alokatzea oso zaila da jendea ezagutzen ez dugunondako. Horrez gain, arrazakeria baino gehiago, uste dut pobrezia dela bazterketaren arrazoi nagusia, errenta baxua izatea".

Tailerrak egitea hurrengo

Etxebizitzaren gaiaz sentsibilizazio kanpaina martxan jarrita, tailerrak egitea da orain asmoa gaiaren inguruan berba egin, hausnartu eta, ahal dela, irtenbideak bilatzeko. "Tailer horietan etxe bila ari den jendea batzen bada, arazo bera duten herritarrak elkartu eta talde moduan eratzen badira indarra egiteko moduan, subjektu politiko moduan, taldeak berak funtzionatuko du aurrerantzean eta etxebizitzaren mahai sozialaren lana hor bukatuko litzateke. Berdin etxe hutsen jabeekin ere. Berez, ez dakigu zergatik dauden etxe huts asko. Jabeek zergatik ez dituzten alokatzen ez dakigu. Izan daiteke beldurragatik, alokatzeko gogorik ez izanagatik, informazio falta dutelako, berme gehiago gura dituztelako... Baina beraiek elkartu eta euren kezkez jardutea izango litzateke helburua. Gerta daiteke talde horiek dinamizatu beharra egotea ere, eta horrela balitz egingo genuke, baina espazio horiek sortzea da mahaiaren helburua. Tailerrak oso irekita egongo dira eta datozen asteetan egingo ditugu. Egunak zehaztea falta zaigu", zehaztu du Zarketak.

Arazoa konpontzeko nahia

Udalbatza osatzen duten alderdiak ere jabe dira gai honen inguruko arazoaz. "Ikusi dugu herrian, sektore ezberdinetan, kezka bat dagoela gaiarekiko. Identifikatuta genuen hori eta berretsi egin da orain. Aztertu egingo dugu eta ahal dena egin egoera arintzeko", dio alkateak, EH Bilduko Izaro Elorzak. "HAPO, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra, ari gara lantzen orain, eta datozen urteetan Oñatik izan dezakeen hazkundea aurreikusi eta etxebizitza eremu bat jaso behar du plan horrek. Herria handitu barik, hutsik daudenak betetzearen aldekoak gara. Orain badago erdigunera etortzeko beste joera bat ere eta erdiguneko etxe hutsak betetzea izango litzateke onena, kanpoaldean berriak egin barik. Hori egiteko aukerak aztertu beharko dira", gaineratu du.

Hutsik dauden etxeei dagokienez, 2013ko foru araua irten zenetik, errekargua aplikatzen zaie; 2021ean, 268ri aplikatu zitzaien. "Eusko Jaurlaritzak onartutako Bizigune Etxebizitza Hutsen Programa ere badago eta beste kanon batzuk ere aplikatu ahal zaizkie etxe hutsei eta beste neurri batzuk hartu. Oraindik ez gara hori aplikatzen hasi". Laguntzei lotuta, berriz, alokairurako, 2015ean hasi zen Oñatiko Udala emantzipaziorako dirulaguntzak ematen gazteei, 35 urte artekoei iaztik. Eskaerek gora egin dute eta joan den urtean, esaterako, 41 eskatzaileren artean banatu ziren 65.000 euro; 28 ziren emakumeak eta 19 gizonak. Gizarte zerbitzuetatik, bestalde, emakumeendako dirulaguntza berezia dago; ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta, gainera, errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei ematen zaie dirulaguntza 2014tik.

Jeltzaleek ere onartzen dute pisua alokatzea, adibidez, zaila dela Oñatin, eta ondo ikusten dute sentsibilizazio kanpainak egitea. Erpin asko dituen arazoa dela diote, "dela inklusioa, dela pobrezia, dela gazteen bizitza duinak eraikitzeko eskubidea…", eta erakunde ezberdinei dagokiela "eskubide hori gauzatzeko politika eraginkorrak" egitea. Gaineratu dute alokairurako etxebizitza publikoak eraiki ahal dituela Udalak, eta Oñatikoak ez duela aurreikusten "epe motzera Bidebarrieta, Ugarkalde edo San Martin bezalako eremuak bultzatzea hirigintza-plan orokorrean" eta, ondorioz, gazteek "euren bizi proiektu duinak garatzeko arazo gehiago izango dituztela". Jaurlaritzaren programa aplikatzea ondo ikusten dute, "dauden etxebizitzak eskuratzeko eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzeko". Jenderik gabeko etxebizitzaren deklarazioa egiteari ere ondo deritzo eta etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko Caritasek ikusten duena aintzat hartu beharko dela uste dute.

Oñatin bizi nahi dut. Etxe barik nolako bizitza? ikus-entzunezkoa laster egongo da ikusgai sarean.

700 etxe huts Oñatin

Dokumentalean aipatzen da 700 etxe huts daudela Oñatin. Eta Udalak emandako datua hurbiltzen da horra: Eustat-ek 2016an emandako datuak eta HAPOrako egin zen diagnostikorako erabilitakoak dira, hain zuzen ere: 678 etxe huts eta 271 bigarren etxebizitza Oñatin. Azken urteetan egindako etxebizitza kopurua eskatuta, hauek dira Udalak emandako datuak: 2006 eta 2022 artean, 757 etxebizitza egin dira auzoetan eta 117 kalean egindako eraberritzeetan. Kopurua zatituta, adibide batzuk: 60 egin dira Otadui zuhaiztian, 298 San Martinen, 290 Ugarkalden, 124 Kurtzebiden eta 85 Kalegoienan. Babes ofizialeko etxebizitzak, tasatuak eta libreak daude kopuru hauetan. Oñatik datorren urteetan izan dezakeen populazioaren aurreikuspena kontuan hartuta, 600 bat etxebizitza jaso beharko lituzke HAPOk, nahiz eta alkatearen esanetan soziologo batek egindako ikerketa baten arabera gutxiago beharko diren. Horren aurrean, baina, erdigunean, kalean, dauden etxebizitzak eraberritu eta hutsak betetzea gurago dutela dio Elorzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak