Joan den urtean ez zen egin, baina aurten bai, aurten egingo da Gabonetako kontzertua. Eta parrokian egingo da, ohikoa den moduan, eta elkartasun kontzertua izango da. Hala ere, egungo osasun egoera kontuan hartuta, neurri bereziak hartuko dituzte. Esaterako, 300 entzule baino ez dira sartuko, gonbidapenak aurrez hartu beharko dira eta COVID ziurtagiria erakutsi beharko da San Migel parrokiara sartzeko.
Zorrotz beteko dituzte neurriak
Berez, 600 lagun sartzen dira parrokian, baina erdira jaitsi dute edukiera domekan izango den kontzerturako. Gainera, eserlekuetan, soilik horrela adierazita dagoen tokietan eseri ahal izango da jendea, ez badira, behintzat, etxe berekoak. "Kultura bizirik dago, segurua da, baina zorrotzak izango gara neurriekin. Protokoloak jasotzen dituenak beteko ditugu. Parrokiako sarreretan egongo gara gela ematen eta ziurtagiria eskatzen. Gomendagarria da horrekin batera nortasun agiria ere ekartzea. Eta gonbidapenak aurrez hartuko beharko dira, Txokolateixan", dio musika bandako eta Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek.
'Sagarra jo!' pieza
Oñati abesbatzak eta parrokiako koruak kontzertu horretan parte ez hartzea erabaki dute azken momentuan. Hala, musika bandaz gain, gazteen bandak, Ganbara abesbatzak eta Hots abesbatzak hartuko dute parte. 140 bat lagun, guztira; horietatik 80 bat musikariak eta beste 60 bat abesbatzetako kideak. "Bakoitzak bere zatitxoa izango du, bere piezak joko ditu. Eta amaieran, Gabonetako azken kantak jo aurretik, denok jo eta abestuko dugu elkarrekin Kalakan taldearen Sagarra jo! pieza. Ikusgarria izango da", aurreratu du Biainek.
Musikariak eta abesbatzako kideak oholtza gainean eta harmailetan egongo dira; horiek guztiak kokatzeko alboetan jarriko dituzte lehen bost ilaretako bankuak. Argiztapena ere berezia izango du eta aurkezlea ere berria: urteetan Pello Zabalak egin duen lana "asko eskertuta", Miren Arregik egingo du.
Elkartasun kontzertua
Kontzertu hori elkartasun kontzertua ere bada. Jasoko duten dirua Oñatiko misio taldeak Ginean duen proiekturako izango da. "Oñati izena daraman ikastetxe bat egiteko da dirua. Ikasle batzuk ari dira dagoeneko han ikasten, eta emakumeak ahalduntzeko espazio bat eta jangela ere egin gura ditugu", dio misio taldeko Manu Egañak.