Arantzazuko Benta liburuxka aurkeztu du Jose Ramon Arrazolak. Arantzazun egon den lehenengo bentaren historia jasotzen du lanak; martxan hasi zenetik gaur egun ostatuaren jabe diren Maiztegi familiarena izatera iritsi bitartekoa.
Bentaren sorrerarako ezinbesteko izan ziren bi gertakari: 1469ko Ama Birjinaren irudiaren agerpena eta 1490 inguruan Arantzazura joateko egin zen bidea.
Kontzejuaren jabetzakoa
Urte askotan Arantzazuko Benta Udalaren edo Kontzejuaren jabetzakoa izan zen; 1641ean pasa zen jabetza pribatua izatera. Garai haietan izandako traba, epaiketa eta liskarrak ere ageri dira liburuxkan.
"60 zaldirendako lekua, 12 logela, 100 lagunendako jatetxea... zuen garai hartako bentak", azaldu zuen Arrazolak.
Facundo Maiztegik erosi zuen, 1912an
1912. urtean erosi zuen benta gaur egungo familiak. Facundo Maiztegi Narbaizak erosi zuen, orduko errenteroak, gaur egungo Migel Maiztegiren aitajaunak. 20.000 pezeta ordaindu zituen bentarengatik eta inguruko lurrengatik.
Familia, pozik
Miren Maiztegi pozik zegoen liburuxkarekin: "Bezero batzuek galderak egiten dizkigute bentaren historiaren inguruan, eta askotan ez dugu jakiten zer erantzun. Orain, badakigu zerbait gehiago. Oso pozik gaude Jose Ramonek egin duen lanarekin".
500 urteko historian ugazaba ezberdinak izan ditu Arantzazuko Bentak, baina beti aktibitate bera egin izan dute: Arantzazura joaten den jendea etxean hartu eta jaten eman.
Goiko Benta
Arantzazuko Benta izenarekin agertzen da agiri guztietan; izan ere, Goiko Benta izena 40ko hamarkadan jarri zioten. "Fraideek esan zuten jendea nahastu egiten zela benten artean, hiru zeuden-eta; horregatik, Goiko Benta izena jarri zioten", azaldu zuen Arrazolak.
Ekitaldia amaitzeko musika eta poesia izan zuten Goiko Bentan. Xabier Ugartek, Bixenta Igartuak, Arantxa Zumaldek eta Mari Tere Azkoitiak girotu zuten iluntzea. Bitoriano Gandiagaren, Xabier Leteren, Basarriren eta J. Ramirezen poemak abestu zituzten.