Aurreko liburuan Oñatiko teileriak aztertu zituen Jose Ramon Arrazolak, eta horiek aztertzen konturatu zen gaur egungo Arantzazuko Goiko Benta inguruan izan zela garai batean teileria bat. Hortik tiraka, Udal Artxiboan eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan Arantzazuko Bentaren inguruko hainbat dokumentu aurkitu zituen eta egungo ugazabei galdetu zien ea liburuxka batean jasoko zuen orain dela 500 urte sortutako bentaren historia. "Oso ondo iruditu zitzaien; izan ere, oso kuriosoa da, leku gutxitan gertatzen da, eta, historia handiko etxea denez, bazegoen zer kontatu", azaldu du Arrazolak.
Hiru garaitan banatuta
Arrazolak kontatu du Arantzazuko Benta bi gertakari garrantzitsuri lotuta dagoela: batetik, 1469an agertu zen Arantzazuko Ama Birjinaren irudiaren agerpena dago; eta, bestetik, 1490 inguruan Arantzazu ingurura joateko egin zen bidea. Horien ondorioz, erromes geroz eta gehiago hasi ziren bertara joaten, baina ez zegoen estalperik, eta benta berri hori egin zuten XVI. mende hasieran.
Hiru garai bereizi ditu Arrazolak. Lehenengoan, Udala zen Arantzazuko Bentaren jabe, baita inguruko lurrena ere. Bentan logelak eta jantokia izateaz gain, animaliendako korta ere bazuten eta oinarrizko elikagaiak saltzen zituzten. Errentan ematen zuen Udalak, 1582 ingurura arte. Izan ere, orduan, Udalak zorrak zituen eta Miguel Elordui dirudunari mailegua eskatu zion, eta hura gelditu zen bentarekin. Baina hil zenean, hainbat traba tarteko, orduko epaitegietara jo behar izan zuten eta jabetza pribatuen garaia iritsi zen 1641ean. Ordutik aurrera, hainbat jabetzatatik pasa izan zen. Eta 1912an sartu ziren hirugarren etapan, egun dauden maiztegitarren familiarekin. Orduko errentero zen Facundo Maiztegi bentaren jabe egin zen; 20.000 pezetagatik erosi zituen hango eraikina eta lursailak.
Musikaz girotuta
Xabier Ugartek musikaz girotuko du gaur 19:00etan Goiko Bentan egingo duten liburuxkaren aurkezpen ekitaldia. Hiruzpalau bertso eramango ditu inprimatuta, bertaratzen diren guztiek batera abes dezaten, doinu ezagunek lagunduta. Horietako bertso bat, gainera, "berezia" izango da. Izan ere, Bitoriano Gandiaga fraide eta poetak 1982ko maiatzean bere lehen semearen jaiotzagatik Arantza Milikuari idatzitako Oñatiri buruzko bertsoa abestuko dute.