Altsasuko auzipetuek bizitakoaren berri eman dute Oñatin

Mireia Bikuña 2021ko abe. 2a, 16:05

2016ko urriaren 15eko gertakariengatik zortzi gazte auzipetu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horietako bi, Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno, Oñatin izan dira asteon, azken bost urteotan bizi izandako ibilbidea kontatzen.

Azkenaldian, jendaurreko agerraldiak egiten dabiltza, besteak beste, "jendeak guri aurpegia jartzeko eta gaur egun errepresioa jasaten ari den jendearen kasuak ezagutarazteko". Motibo nagusia, ordea, herritar anonimoengandik jasotako elkartasuna eskertzea izan da: "Gure aldeko borrokan arlo politiko zein sozial ugaritako jendea inplikatu da, eta zeharo harritu gaitu horrek, orokorrean ez delako jende askorik mugitzen, baina kasu honetan bai".

Jon Irizar kazetariak gidatuta, solasaldian zehar, 2018ko epaiketa entzutetsua ekarri dute gogora. Akusatuen aulkian eseri ziren zortzi gazteetatik zazpi sartu zituzten espetxean, Ramirez de Alda eta Unamuno barne. Prozesu hori etsipenez bizi izan zutela aipatu du Unamunok: "Behartuta sartu gintuzten kartzelan eta ezin ginen atera; hori gutxi ez, eta 50 urteko zigor eskaria jaso genuen... Ez sinisteko modukoa izan da dena".

Horren aurrean, Espainiako justiziari aurre egin beste biderik ez zutela adierazi du: "Badakigu espetxearen funtzioa jendea suntsitzea eta militanteak desaktibatzen saiatzea dela. Guk ez genuen nahi haien helburu horiek betetzea, herritar askoren babesarekin aurre egin diegu, eta, azkenean, hemen gaude".

Hirugarren graduan

Asteazkenean Santa Anan berba egin zuten bi gazteei 2020ko uztailean baimendu zieten kartzelako hirugarren gradua, bederatzi eta zortzi urteko kartzela-zigorren laurdena bete berritan. Hala, Zaballako espetxean egotetik baimendutako irtenaldiak egitera pasa ziren.

Gaur egun, hirugarren graduan jarraitzen dute zortzi auzipetuetako seik, eta bik baino ez dute amaitu kondena osorik: "Baldintzapeko askatasuna eskatu dugu, epe barruan gaudelako, eta erantzunaren zain gaude; horrez gain, Estrasburgoko bidea ere badaukagu, alegazioa jarri dugulako; ea tramitea onartzen duten itxaroten gabiltza".

Askatasuna, 2024an

Tunelaren bukaera ikusten hasi diren galdetuta, Altsasuko gazteek adierazi dute sententzia bukatzerakoan izango dela hori: 2024ko maiatzaren 8an, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak