Askorako eman dute Oñatin Hikaldixa-ren barruan asteburuan izan diren hitzorduek. Askorako, eta jende asko erakarriaz, gainera.
Gaur, esaterako, bete egin da gaztelekua Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluzerekin egindako hika bertso saioa jarraitzeko. Mirari Sagarzazuk jarritako gai eta ariketa ezberdinei bota dizkiete bertsoak; askotan, gainera, hitanoan. "Horixe zen helburua, hitanoa, batez ere Oñatiko hitanoa nabarmentzea. Saioaren aurretik zalantza eta erreparo asko genituen, baina gero eurek asko eskertu dute, ni ere oso gustura egon naiz eta plaza ere epel zegoen, jendea bero" esan du Sagarzazuk.
Askotariko ariketak egin behar izan dituzte bertsolariek hitanoaren inguruan. Miren Artetxek eta Oihana Iguaranek, esaterako, noka egitera ausartzen ez den eta akatsak egin arren ere noka aritzen den bi lagunen papera hartu dute. Eta zenbait kasutan, lan zaila ere izan dute, Oñatiko hitanoaren adibide ezberdinekin bertsoak osatu behar izan dituztenean, esaterako. Publikoaren barre-algara ugari eragin dituzte baita ere Erreusak proiektuari esker berreskuratutako garai bateko tresna eta arropei bertsotan hasi direnean.
Hitanoan bertsotan
Gustura zeuden bertsolariak saioaren amaieran. "Gure artean dezente aritzen gara hitanoan, baina askotan planoak bereizi egiten ditugu: geure artean interpelatzean egiten dugu; publikoari, aldiz, zuka. Kontua da hemen egiten dena eta gure aldean egiten dena ez dela berdina eta bi planoen artean ibili garela, baina ondo! Oñatiko hitanoan zerbait ikasteko aitzakia ere eman digute!", azaldu du Mendiluzek. "Esperientzia ondo joan da, eroso sentitu gintezen oso ondo prestatuta zegoelako. Eskertzekoa izan da entzuleen jarrera eta antolatzaileen ahalegina. Baina egia da ez nagoela bertsotan noka aritzera ohituta. Nik, esaterako, zenbait harreman noka eraikitzea erabaki dut eta Miren Artetxerekin berarekin kalean halaxe aritzen naiz. Baina bertsotarako momentuan ausardia eta praktika falta sentitzen dut. Eskertzen da saltoa emateko antolatzaileen akuilu lana saltoa", gaineratu du Iguaranek.
Bai andoaindarrak eta baita Amasakoak ere hitanoa, batez ere emakumeen artekoa, indartzeko Oñatin martxan jarritako ekimena bezalakoak txalotu dituzte.
'Hikaldixa'-n egindakoak eta datozenak
Antixena gaztetxean egubakoitzean izan zen solasaldiarekin hasi da aurtengo Hikaldixa Oñatin, eta atzo, eguraldi txarrari aurre eginaz, hika-bertso-poteoa egin zuten. Antolatzaileen esanetan, orain arteko erantzuna oso ona izan da. "Gaztetxean eztabaida abersagarriak osrtu ziren, eta horrek proiektua aberatsen duela uste dut. Atzo ere, zegoen giro kaskarrerako animatu zen jendea hika-bertso-poterorako. Eta gaur ikaragarria izan da gaztelekua hain beteta ikustea", adierazi du Mirari Sagarzazuk.
Datozen egunetan beste bi hitzordu izango dira Hikaldixa-ren barruan. Abenduaren 2an, eguenean, Atzoko Ogixa taldearen kontzertua izango da Antixena gaztetxean 20:00etatik aurrera. Abenduaren 5ean, bestalde, 12:00etan hasita beste hika-bertso-poteo bat egingo dute Boga tabernatik hasita.