Barrualdeko herrien artean, Oñati aitzindaria da Turismoaren Plan Estrategiko bat egiten. Bost oinarri izango ditu planak: irisgarritasuna, gobernantza, teknologia, berrikuntza eta iraunkortasuna.
Xabier Igartua zinegotziak eta Ikerne Altube turismo teknikariak azaldu dutenez, helmuga turistiko "garrantzitsua" da Oñati: "Benetako helmuga turistiko jasangarria da Euskal Herriko turismoaren panoraman. Bere kultura- eta natura-ondareari balioa eman dio, eta bisitarien profil jakin bat erakartzeko gai diren produktu turistiko bereizgarri eta bereziak sortu ditu: arduratsuak eta konprometituak".
Turismoa ez da kontu berria Oñatin, eta azaldu dutenez, gaur arte hainbat gauza lortu dira "kalitatezko turismoa" indartzeko. Halere, oraindik badago zer hobetu eta horri helduko dio planak. Debagoieneko eragileen arteko elkarlana, Arantzazu eta beste hainbat eragileekin koordinazioa, herriko eta eskualdeko mugikortasun eta irisgarritasuna, turismo profesionalari erantzutea edota ideia berriak garatzea dira planean jasotako erronketako batzuk.
89 ekintza egingo dira
Guztira 89 ekintza egingo dira planaren baitan, bost ardatzetan banatuta (gobernantza, gune turistikoa, produktua, marketinga eta kode etikoa), eta dagoeneko zehaztu dituzte epe laburrean egingo diren batzuk: Sancti Spiritus erakina balioan jartzea eta beste baliabide batzuekin lotzea, Oñati turismo-marka definitu eta industria informazioa lantzea edota Turismo Helmuga Adimentsuaren ziurtagiria lortzea Debagoienean.